Hur Gorostiagak Baionara eramango du Hitzetik Hortzera
Seaskak lan handia egin du azken urteotan Xiberoan, Lapurdin eta Baxenafarroan euskara berreskuratzeko. Bertako zuzendaria da Hur Gorostiaga, eta bera izango da igande honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua. Seaskak egiten duen lanaren berri emateaz gain, euskararen egoeraz eta bertsolaritzarekin duen harremanaz ere ariko gara berarekin.
Finalistak Baionan
Seaskak berak antolatuta, BECtso Saioa egin zen urtarrilaren hondarrean Baionan. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu ziren sei bertsolari aritu ziren kantuan Joana Itzaina gidari zutela: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Han izan ziren Hitzetik Hortzerako kamerak, eta bertsoaldi onenak eskainiko ditugu igande honetan.
Bestalde, joan zen igandean bertso-saio berezia egin zen Amurrioko Gaztetxean. Twitterren idatzitako txio batzuk direla medio auziperatua dago Alfredo Remirez gaztea. Auzia ixteko eskatuz eta adierazpen askatasunaren defentsan "Alfreedo" kanpaina martxan jarri dute azken hilabeteotan, eta kanpainaren baitan antolatu zen bertso-saioa. Unai Iturriaga, Oihana Bartra, Izar Mendiguren, Onintza Enbeita, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre aritu ziren kantuan Ainhoa Comas eta Unai Mendibil gai-jartzaile zirela. Hango bertsoaldi onenak ere bildu ditugu.
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.