Hitzetik Hortzerak 25 urte, programa berezia
Hogeita bost urte bete dira Hitzetik Hortzerak bere lehen denboraldia burutu zuenetik. Gora behera batzuekin eta etenaldiren batekin ere, baina aurrera jarraitu du asteroko programa honek ETBn.
PROGRAMA BEREZIA prestatu du horren harira Hitzetik Hortzerak. Abenduaren 28koan emitituko da eta bertan urte hauetan telebistan bidez ezagutarazi diren bertsoaldi gogoangarrienak ikusi ahal izango dira.
Lazkao Txiki, Joxe Agirre, Jon Sarasua, Andoni Egaña, Unai Iturriaga edo Maialen Lujanbioren perlak izango dira, beraz, igande bazkal ostean.
Horrekin batera urte hauetan izan den bilakaerari buruzko tertulia egingo dute Xabier Amurizak, Uxue Alberdik, Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak.
Fernando Amezketarraren herrian grabatutako elkarrizketa honetan, telebistan egotearen garrantzia, hogeita bost urteotan gaiek, umoreak… izan duten bilakaera eta aurrera begira zeintzuk bide ikusten diren jorratu dute.
HITZETIK HORTZERA, igande bazkalostetan ETB1n. Eta eitb nahieranen.