Hitzetik Hortzera; Uztapide, Xalbador eta Pako Aristi
Zestoa eta Urepel herriak senidetu zirenean, Mikel Arregi Zestoako alkateak Pako Aristi idazlearengana jo zuen, senidetze horren bueltan zerbait iraunkorra sortzeko ideiarekin; hortik jaio zen Manuel Olaizola Uztapide eta Fernando Aire Xalbador bertsolariei buruzko liburua egiteko lehen kimua. Pako Aristik erronkari heldu, ikerketa egin eta Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua ondu du. Liburuaren sortze prozesuari buruz hitz egingo dute aste honetako Hitzetik Hortzeran, idazlearekin berarekin.
Uztapide eta Xalbador bi bertsolari oso ezberdin izan ziren, baina elkarrekin ondo uztartzen zirenak, plazan zein plazatik kanpo. Bertsoari esker ezagutu zuten elkar eta hogeita hamar urteko adiskidantza izan zuten. Adiskidantza horri buruz ariko dira aste honetako programan. Bildutako datu eta historia zatiei forma literarioa emateko lanaz, bi bertsolarien izaeraz eta euren bertso ibilbideaz ere ariko dira.
Urepeleko Zestoa Eguna eta Errexil Sariketako finala
Zestoa eta Urepeleren senidetza dela eta, Zestoa Eguna ospatu zen Urepelen. Bertan egindako bertso saioko bertsoaldiak ekarriko dituzte aste honetako Hitzetik Hortzerara. Aitor Salegi, Amets Arzallus eta Haira Aizpurua aritu ziren bertsotan, Xalbat Alzugarairen esanetara.
Urruñan jokatu zen Errexil Sariketako finaleko bertsoaldiak ere izango dira. Eneko Lazkozek irabazi zuen eta bertsokide izan zituen Aissa Intxausti, Eneko Abasolo Abarkas, Maddi Sarasua, Miren Artetxe eta Ramuntxo Christy. Aritz Bidegainek egin zituen gai-jartzaile lanak.
Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan, ETB1en.