Hitzetik Hortzera umore fasean

2022/10/06
Txapelketaren bosgarren saioa Donostian jokatuko da, eta han izango da Hitzetik Hortzera. Bertsoaldiak eskaintzeaz gainera, Donostian bizi den Aitziber Garmendia aktore eta umoregile goierritarrarekin izango da programa. Ez galdu Hitzetik Hortzera: igandean, 15:00etan, ETB1en.

Dagoeneko 24 bertsolari igo dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko oholtzara. Finalaurreko fasearen atarian dago dagoeneko txapelketa, eta lehenengo faseko azken-aurreko saioan izango da Hitzetik Hortzera: Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Idoia Torregarai eta Eider Perez Komunean atalean elkartuko dira saioan gertatu denari buruz hitz egiteko. Gainera, bertsolarien iritziak bilduko dituen atala ere izango dugu. Zer iritzi dute gure bertsolari adituek Ganbarari buruz?

Aitziber Garmendia aktore eta umoregilea

Igandeko saioan pantailaren beste aldean zein oholtzan sarritan ikusi dugun Goierriko zortziko txikia izango dugu protagonista: Aitziber Garmendia aktore eta umoregilea. Harreman estua du bertsolaritzarekin; izan ere, oholtzara igo zen lehen aldia bertsotan egiteko izan zen. Bertso-eskolan aritua, haurtzaroa eta jolasa hitzak lotzen ditu bertsoarekin.

Donostiako eta Gasteizko bertsoaldiak

Igandeko programan bezperako saioko bertsoaldi onenen aukeraketa ikusteko aukera izango da, honenbestez. Kantuan ariko dira Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita, eta gai-emaile lanak Leire Garatxenak egingo ditu. Bestalde, pasa den igandean Gasteizen jokatu zen kanporaketako bertsoaldi sorta bat ere eskainiko da.

Hitzetik Hortzera: igandero, 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Aitziber Garmendia izango du bidelagun Hitzetik Hortzerak.