Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza
Joxe Manuel Lujanbio Txirritak lehen plaza egin zuela 150 urte betetzen dira aurten, eta, urteurren hori aitzaki hartuta, Ereñotzun, Txirritaren jaioterrian, izango da Hitzetik Hortzera aste honetan. Aritz Zerain Ereñotzuko auzotarraekin hitz egingo du Mirari Martiarenak, Txirritak auzoan duen presentzia, lekua eta loturari buruz. Ereñotzutik Errenteriara bizitzera gaztetxoa zela joan arren, bere bertsoek erakusten duten bezala beti mantendu baitzuen lotura jaioterriarekin Txirritak.
Txirritaren bertsoei ere begira jarriko dira Hitzetik Hortzeran. Horretarako, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirrerekin ere elkartuko da Martiarena, Txirritaren bertso asko irakurri eta ikasitakoak baitira bai Agirre eta baita Irazu ere. Txirritak utzitako ondarea, mundu ikuskera eta euren bertso ibilbidean izandako eraginari buruz arituko dira.
Azkenik, programako hiru elkarrizketatuak elkartuko ditu Martiarenak: elkar ongi ezagutzen dute, bertsotan elkarrekin askotan aritutakoak dira eta plazan lehen aldiz bertsotan egin zutenekoaz arituko dira.
Loiuko eta Irurako bertsoaldiak
Astero bezala, bi bertso jaialditako bertsoaldiak izango dira Hitzetik Hortzeran. Batetik, Loiuko Lauroeta auzoko jaietan egindako bertsoaldiak izango dira. Bertan, Iñaki Beitia Arbilduk egin zituen gai-jartzaile lanak eta bertsotan aritu ziren Aitor Etxebarriazarraga, Etxahun Lekue, Igor Elortza eta Oihana Bartra.
Bestetik, Irurako festetako jaialdia ere egongo da. Amaia Agirre gai-jartzaile zela, bertsotan aritu ziren Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi.
Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan ETB1en.