Hitzetik Hortzera txapelketaren erritmora
Denboraldiko bigarren atala berezia izango da bertsozale guztientzat; irailaren 24an, larunbatean, hasiko baita 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Igandeko Hitzetik Hortzeran bezperan jokatuko den lehen kanporaketako bertsoaldi onenak ekarriko dira pantailara.
Getxoko egonaldia bertako sortzaile bat ezagutzeko baliatuko dugu: Afrika Bibang. Soul abeslaria eta aurkezlea da Afrika, eta getxoztarrarekin ezagutuko ditugu herriko zirrikituak. Hainbat proiektu ditu esku artean, eta horiei buruz ere galdetuko dio Eider Perez aurkezleak.
Txapelketan zehar bidelagun izango ditugun bertsolariak atzera begira jarriko ditugu, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiei buruz dituzten oroitzapenak zeintzuk diren jakingo dugu. Besteak beste, Anjel Mari Peñagarikano, Erika Lagoma, Maddi Agirre edota Manolo Arozena izango ditugu protagonista.
Getxoko kanporaketako bertsoaldiak
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak Getxon ekingo dio bideari larunbatean: kantuan ariko dira Agin Laburu, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Oihana Bartra, Peru Abarrategi eta Unai Mendizabal, eta gai-emaile lanak Imanol Artola “Felix”ek egingo ditu. Igandeko programan lehen kanporaketako bertsoaldi onenak ikusi eta entzuteko aukera izango da.
Hitzetik Hortzera: igandero, 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian ere bai.