Hitzetik Hortzera triatloian

2022/12/01
Bilbon izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa, eta han izango da Hitzetik Hortzera; bertakoa den Helene Alberdi kirolariarekin egin du hitzordua programak aurretik. Igandean, 15:00etan, ETB1en.

Bertsolari Txapelketa Nagusia azken txanpan dago. Bilbon jokatuko da azken finalaurrekoa larunbatean, eta bertako bertsoaldiak eskainiko dira hurrengo egunean Hitzetik Hortzeran: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan, Idoia Anzorandia gai-emaile lanetan dela.

Bilboko saioa aitzakia hartuta, Helene Alberdi triatletarekin elkartu da Eider. Pasa den irailean jokatu zen Bilbon Europako distantzia ertaineko triatloi txapelketa, eta Helene Alberdik lortu zuen garaipena. Txapelketa etxean jokatu eta lehen postua eskuratu izana momentu ikaragarritzat du bilbotarrak, baina horren alde gordina ere azaldu du Alberdik: egunero hain gogor entrenatu beharrak beste gauza asko alde batera uztera behartzen du kirolaria.

Bertso mundua ere ezaguna du aste honetako protagonistak. Eskola garaitan bertsotan aritua, aurtengo bertso txapelketa online eta telebista bidez jarraitzen ari dela aipatu du. Bere bertsolari kutuna nor den ere aitortu digu.

Jakin nahi? Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Helene Alberdi triatletarekin elkartu da Eider.