Hitzetik Hortzera, plazako zirrikituetan barrena

2018/10/11
Bertsolaritzan berebiziko garrantzia izan du beti plazak. Baina zeri deitzen diogu plaza? Zer da plaza on bat? Hainbat bertsolariren ahotik ezagutuko ditugu bertsoaren eta plazaren artekoak. Horrez gain, Miren Urquijo UPV/EHUko antropologia irakaslearekin hitz egingo dugu plazaren esanahiaz. Eta noski, bertsoaldiak ez dira faltako: Loiuko Lauroeta auzoko eta Urnietako sanmigeletako bertsoak entzungo ditugu.

Batzuetan espazioa ez da fisikoa bakarrik, ezin da metrotan neurtu. Espazio bakoitzak bere arau eta legeak ditu eta bertso-plazak ere baditu bereak. Antropologiaren ikuspegitik plazaren esanahia ulertzeko UPV/EHUko antropologia irakaslea den Miren Urquijorekin elkartuko gara Usurbilgo dema-plazan. Bertso-plaza batek duen garrantziaz edota plazari oholtzak ematen dion esanahiaz galdetuko diogu.

Hirugarren programa honetan lehen plazari buruz, plazak bertsolariari emandakoaz eta plaza on baten osagaiei buruz galdetuko diegu Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Maindi Murua eta Miren Amuriza bertsolariei.

Sustrai Colinak plaza pribilegiatutzat du Bilboko Santutxu auzokoa, besteak beste, nori kantatua badagoela sentitzen duelako. Horrela kantatu zuen 2018ko maiatzaren 5ean eta, plazari eskainitako programan, bertsoaldi hori berreskuratuko dugu.

Sanmigeletako bertso saioak Loiun eta Urnietan

2018-10-14, HH-03Igandero bezala, bertsoek airean eramango gaituzte programa osoan zehar. Horretarako Loiuko Lauroeta auzoan eta Urnietan San Migel jaietan egin diren saioetako bertsoaldiak entzungo ditugu. Lauroetan kantuan aritu ziren Amets Arzallus, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue eta Fredi Paia; gai-jartzaile lanak Iñaki Beitia "Arbildu"k egin zituen. Urnietako jaialdian Agin Laburu, Andoni Egaña, Eli Pagola eta Miren Amuriza igo ziren oholtzara, Amaia Agirreren gidaritzapean.

Hori guztia igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EITBren Nahieran orrian.

Miren Urquijo, UPV/EHUko antropologia adituarekin izan gara solasean.