Hitzetik Hortzera Onintza Enbeitarekin
Bertsoari, bertsogintzari eta plazari lotuta bizi da Onintza Enbeita muxikarra. Aste honetako programan bere bertso ibilbidearen errepasoa egingo du Mirari Martiarenarekin batera.
Bertsolari famili garrantzitsuenetako bateko alaba da Onintza Enbeita. Umetatik bertsoa arnastu eta bizitu du bere inguruan, bertsotan jaio zela ere esan liteke. Enbeita izateari buruz eta bere lehen bertso plazak gogoratuko dituzte programan.
Txapelketan bertsolari gutxik duten ibilbidea egin du muxikarrak. 1998an parte hartu zuen lehen aldiz Bizkaiko Txapelketan. 2006tik egin diren final guztietan abestu du eta 2018an izan zen txapeldun. Jon Enbeita bertsolari eta osabak jantzi zion eta Bizkaiko txapela irabazi zuen lehen emakumea da. 2005etik berriz jokatu diren Txapelketa Nagusi guztietan hartu du parte.
Bertsolari belaunaldi gazteen eredu eta erreferentea da Onintza Enbeita. Emetik bertso kabareta sortu zuen Iratxe Ibarra eta Oihane Enbeitarekin, ondotik parte hartu du Señora Sariketa edo Ez da kasualitatea bezalako saioetan. Horrelako saioek bertso plazari ematen diotenari buruz ere arituko dira larunbateko Hitzetik Hortzeran.
Ez dute bertsoari buruz bakarrik hitz egingo Onintzak eta Mirarik. Politikagintza edo zutabegile bezala egindako bideari ere egingo diote errepasoa. Badu erronka berririk eskuartean, Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidea baita martxoa hasieratik Ainhoa Urien, Sustrai Colina eta Xabi Igoarekin batera.
Kontu guzti hauek errepasatuko dituzte Onintza Enbeitarekin Hitzetik Hortzeran, bere ibilbideko bertsoak gogora ekarriz.
Hitzetik Hortzera, igandean 15:00etan ETB1n, edo, noiz nahi Nahieranen.