Hitzetik Hortzera, Olatz Savadorrekin

2024/09/19
Olatz Salvador musikari donostiarra izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako elkarrizketatua. Horrez gain, Donostiako eta Eibarko bertsoaldiak entzungo dira: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Hirugarren lana argitaratuko du irailaren 25ean Olatz Salvador musikariak, eta Hitzetik Hortzera berarekin elkartu da disko berriaren sortze prozesuaz hitz egiteko. Uda aurretik argitaratu zituen disko berriko hiru abesti: Basan, Gerorik balego eta Azken eguzki printzak. Salvadorren zaleak kantu berrien zain daude eta bera ere gogoz dago egindako lana erakusteko.

Bertsolariek ere izango dute lekua disko berrian, aurreko lanetan bezala, oraingoan ere, bidelagun izan baititu. Hain zuzen ere, Olatz Salvadorrek tarteka bertsolariengana jotzen du abestien hitzak sortzeko. Adibidez, ezagunak dira Alaia MartinAne Labaka, edo Leire Vargas eta Oihana Aranarekin sortutako abestiak.

Lan berriaz, sortze prozesuaz eta bertsolaritzaz hitz egiteaz gain, musikaren panoraman emakumeen presentziaz ere arituko dira hizketan Olatz Salvador eta Mirari Martiarena.

Bertsozale gaztetxoak

Txikitik handira bertsozale gaztetxoek egindako atala ere izango da aste honetako Hitzetik Hortzeran. Euskal Herriko bost bertso-eskoletako gaztetxoei bertsolaritzari buruzko galderak egin zaizkie eta euren hausnarketak eta erantzunak ikusi ahal izango dira. Agurain, Aizarnazabal, Antsoain, Itsasu eta Zornotzako gaztetxoek hartu dute parte.

Donostia eta Eibarko bertsoaldiak

Udan Donostia 1813: Herri memoria kantuan bertso saio musikatua egin zen Donostiako Plaza Berrian. Kantuan aritu ziren Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran bertsolariak, Unai Gaztelumendik jarri zituen gaiak eta Iker Laurobak eta Beñat Antxustegik musikatu zituzten bertsoak.

Eibarren, Arrate Egunaren bezperan, urteroko bertso afaria izan zen. Jon Mikel Mujikak gidatu zuen saioa eta kantuan aritu ziren Andoni EgañaAgin LaburuMaialen Lujanbio, eta Nerea Ibarzabal.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.