Hitzetik Hortzera, musikaren erritmoan
Bi bertso-saio musikatu eskainiko dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Bertsolari ezberdinak, musikari berberekin. Eneko Sierra eta Ixak Arrutik jarriko diete doinua bapateko bertsoei.
Berrizko kultur-etxean “Ez da kasualitatea” bertso-saioa Alaia Martin, Onintza Enbeita, Miren Amuriza eta Uxue Alberdirekin. Donostiako Tttun-Ttun tabernan Aitzol Barandiaran, Jon Maia, Miren Amuriza eta Beñat Gaztelumendi. Bertsolariak eta musikariak oholtza gainean nola moldatzen diren jakingo dugu.
Xenpelar Dokumentazio Zentroko artxibotik hartutako pieza polita ikusi ahal izango da. 1999.urtean BilboRocken egin zituzten Triki-Bertso emanaldietako bat. Andoni Egaña eta Jon Sarasua bapatean bertsotan Gozategik lagunduta.
Hitzetik Hortzera, igandean arratsaldeko 15:00etan, ETB K/Sat kateetan.