Hitzetik Hortzera mugan

2022/11/03
Larunbatean Irunen jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa. Hitzorduarekin bat eginez, Gari Garaialde argazkilari eta Irungo Harrera Sareko kidea izango da programan. Igandean, 15:00etan, ETB1en.

Argazkien bidez munduan gertatzen denaren berri ematen duen pertsona bezala definitzen du fotokazetaria Gari Garaialdek. Urteetan zehar milaka istorio eta egoera islatu ditu bere argazkietan; esate baterako, euskal gatazka, alardea edota Irungo etorkinen gaia. Hain zuzen, argazkilaria Irungo Harrera Sareko kidea ere bada. Aste honetan Hitzetik Hortzeran bera izango da Eider Perezen bidelagun.

Hesirik gabeko muga izan arren, pasatu ezin duten muga izaten jarraitzen duela aipatu du Garaialdek Irun eta Hendaia artean dagoena, eta egoera hau argazkietan islatzeko mugaren gogortasunean baino gehiago etorkinen jarreran jartzen duela arreta.

Bertso Txapelketa Nagusiko argazkiak ere atera izan ditu urte luzez. Dokumentazio lan hutsetik harago, begiradetan, keinuetan, espazioetan… aurkitzen du bere zirrikitua.

Irungo bertsoaldiak

Larunbatean Irunen izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa. Igandeko programan bezperako saioko bertsoaldi onenen aukeraketa ikusteko aukera izango da. Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan eta Maialen Belarra gai-emaile lanetan.

Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Gari Garaialde Bertsolari Txapelketa Nagusian ere aritu ohi da argazkiak ateratzen.