Hitzetik Hortzera, Miren Amurizarekin, Pleibakean
Pleibak izena du Miren Amurizaren bigarren eleberriak eta liburua ardatz hartuta osatuko dugu aste honetako Hitzetik Hortzera. Liburuaren aurkezpena egiteko bertso saio literarioak antolatu ditu Amurizak bertso-lagun desberdinekin Euskal Herriko hainbat txokotan; azkena, Bilboko BIRA Kulturgunean.
Horrela, Miren Amurizarekin elkartuko da Mirari Martiarena, liburuaren eta bertso saio literarioen aurkezpenei buruz hitz egiteko. Saio horietan Miren Narbaiza MICE musikaria ere presente egon da, musikaz lagundu baititu aurkezpenetako hainbat momentu; berarekin ere hitz egingo dugu, bertso saio literario bati soinu banda jartzearen lanaz hitz egiteko.
Bukatzeko, Oihana Bartra eta Alaia Martin bertsolariak elkarrizketatuko ditu Martiarenak. Laguntasunari buruz eta nerabe garaiko Bartra eta Martin bertsolariei buruz arituko dira hirurak.
Bilboko eta Hendaiako saioak ere, ikusgai
Esan bezala, Pleibak liburuari buruzko bertso saio literarioa egin zen Bilboko BIRAn eta bertako bertsoaldiak ekarriko ditugu aste honetako programara. Aurkezle eta gai-emaile lanetan Miren Amuriza bera aritu zen, eta Oihana Bartrak eta Alaia Martinek egin zuten bertsotan, MICE musikariak lagundurik.
Hendaian, berriz, Harrera Taldearen aldeko bertso jaialdia egin zen Harrera eta Baleak elkarteek antolaturik. Amets Arzallus, Andoni Egaña, Irantzu Idoate, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariek kantatu zuten, eta Maddalen Arzallus aritu zen gai-jartzaile lanetan.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.