Hitzetik Hortzera Mikele Arizkorretarekin

2024/10/31
Bertsolaritzarekin harreman estua du aktoreak eta horri buruz arituko dira elkarrizketan. Lekeitioko eta Donostiako bertsoaldiez gozatzeko aukera ere izango da, larunbatean, ETB1en.

Legazpin izango da aste honetan Hitzetik Hortzerako lantaldea eta Mikele Arizkorreta aktorearekin elkartuko dira bertan. Antzerki eta telesail desberdinetan lan egin du Arizkorretak eta, laster, Go!azen telesailaren denboraldi berrian ikusiko dugu Saioaren paperean; hirugarren denboraldia du lan horretan.

Go!azen telesailaren arrakastari buruz arituko dira Mikele Arizkorreta eta Mirari Martiarena. Izan ere, Euskal Herriko haur eta gaztetxoen artean oihartzun handia du dantza eta kantua uztartzen dituen telesailak. Grabaketak udan egin zituzten eta laster izango dira berriz ere Basakabiko gazteen abenturak ETB1en ikusgai.

Bertsolaritzarekin harreman estua izan du umetatik Mikele Arizkorretak. Etxetik jaso du bertsozaletasuna eta 8 urterekin hasi zen Legazpiko bertso-eskolan. Gaur egun nahi baino gutxiagotan joaten da bertso-eskolara, baina gertutik jarraitzen du bertsolaritza. Bertso-eskolan ikasitakoak aktore ibilbidean eman dion laguntzari buruz ere arituko dira programan.

Lekeitioko eta Donostiako bertso saioak

Zine bertso saioa antolatu zuten Lekeitioko Zine Bileraren baitan, eta bertan aritu ziren kantuan Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia; Ainhoa Urienek egin zituen gai-jartzaile lanak.

Donostian, berriz, bertso saioa izan zen EHUko Hezkuntza Fakultatean. Euskara minorreko ikasleek egin zituzten gai-jartzaile lanak eta bertsotan aritu ziren Nerea Ibarzabal, Eli Pagola eta Irantzu Idoate.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.