Hitzetik Hortzera: Maria Luixa Erdozio

2025/02/13
Maite Deliart historialariak Maria Luixa Erdozio zein izan zen kontatuko digu aste honetako programan. Aramaioko eta Pasai Donibaneko bertsoaldiek osatuko dute larunbat gaueko programa.

Maria Luixa Erdozio Ipar Euskal Herriko lehen emakume bertsolaria izan zen. Joan den irailean Azkaineko Herriko Etxeak eta herritar talde batek bere izena jarri zioten herriko gune bati, Emakumeak Plazarat ekimenaren baitan. Erdozio nor izan zen jakiteko Maite Deliart historialaria elkarrizketatuko du aste honetako programan Mirari Martiarenak.

100 urte betetzen dira aurten Maria Luixa Erdozio hil zela. Garai hartarako emakume ausarta izan zela kontatuko du Maite Deliartek. 1869an, Sarako Lore Jokoetara joan eta irabazi egin zuen Ibarrartekin batera; 1875ean ere parte hartu zuen Etxetorekin, eta orduan ere irabazi egin zuten; 1884an, hirugarren postua lortu zuen.

Gaur egunera ez da iritsi Maria Luixa Erdozioren bertsorik, baina garai hartako bertso kontuak eta bizimodua ezagutuko ditugu Maite Deliartekin batera. Horrez gain, Emakumeak Plazarat ekimena eta horren baitan Azkainen egin dituzten lanak ere aipatuko dituzte.

Aramaio eta Pasaiako jaialdiak eta bertso sorta musikatua

Aramaion urtero egiten den jaialdiko bertsoaldiak izango dira larunbat gaueko programan. Bertsotan aritu ziren Alaia Martin, Ane Zuazubiskar, Gorka Pagonabarraga eta Sustrai Colina. Gai-jartzaile lanetan Sabin Abarrategi aritu zen.

Pasai Donibanen ere urtero antolatzen du jaialdia Bixi-Bixi Kultur Elkarteak. Amaia Agirrek jarri zituen gaiak eta bertsotan aritu ziren Alaia Martin, Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran.

Aste honetako programa amaitzeko Maider Arregik egindako Nerabezaroari bertso sortaz gozatzeko aukera izango dugu. Denboraldi honetan ohitura dugun moduan Manex Pagolak musikatuko ditu bertsoak.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Maite Deliart historialaria.