Hitzetik Hortzera: Kanpora sartzen
Martxoaren 11n estreinatu zuten Xabin Fernandez eta Intza Alkainek Kanpora sartzen antzezlana. Xabin Fernandez bera da obraren sortzaile, gidoilari eta protagonistetako bat. Duela 10 urte jakin zuen seropositiboa zela Xabinek eta 10 urte hauetan bizitutakoa laburbiltzen saiatu da. Bere azalean bizitutakoa kontatzen dio publikoari eta kontakizun horretan Intza Alkainek gorpuzten duen birusa dago.
Kanpora
Duela 10 urte jasotako telefono deiak bizitza aldatu zion Xabini. Ezjakintasunak eta dauden aurreiritzien ondorioz bere bidean izandako emozioei buruz hitz egingo dute. Momentu txarretan etxean egoteko beharra sentitzen zuen Xabin Fernandezek, baina etxean sartuta egon arren kanpo zegoela sentitzen zuen. Antzerki obra hau jende artera sartzeko ariketa izan da berarentzat.
Antzezlana hiri eta herri guztietara eramatea da asmoa, seropositiboen gaur egungo errealitatea zabaltzeko eta ezagutarazteko.
Mendaro eta Legorretako bertsoaldiak
Motxaila egunaren baitan Mendaron egin zen jaialdian Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Joanes Illarregi aritu ziren bertsotan, Ainhoa Urbietaren gidaritzapean. Legorretan berriz, Tabuen kutxatik oholtzara bertso-saio musikatua izan zen. Bertsotan, Ane Labaka, Maialen Akizu, Alaia Martin eta Oihana Iguaran aritu ziren Amaia Agirreren esanetara. Musikari lanetan Ixak Arruti eta Gari Otamendi aritu ziren. Bi saio hauetako bertsoaldiek osatuko dute aste honetako programa.
Gogoratu, Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan ETB1en.