Hitzetik Hortzera, irailetik apirilera
Bertsozalea lasai egon daiteke, Hitzetik Hortzera bertsolaritza programaren denboraldi berria iazkoa baino luzeagoa izango da eta. Irailean hasita, aurten ere ETB1eko larunbat gaueko prime time orduan emitituko da programa, hain zuzen ere, gaueko 21:00etan.
Hitzetik Hortzerako lan taldea hasi da dagoeneko programaren aurre-produkzio lanetan eta berritasun bat baino gehiago izango dira: besteak beste, Manex Pagola musikariak musika elektroniko eta tradizionala nahastuko ditu bertsolariek sortuko dituzten sortak musikatzeko.
Mirari Martiarenak jarraituko du aurkezle lanetan eta astero bertsolaritzaren ekosistemako lagunen bat elkarrizketatuko du. Martiarena ezagututa, umore dosirik ez da faltako asteroko programan eta Hitzetik Hortzera izanda bertsorik ere ez.
Bertsoaldiak programaren oinarri izaten jarraituko dute eta astero-astero Euskal Herriko bi herri ezberdinetan izango da Hitzetik Hortzera bertso jaialdi, otordu edo ekitaldi bereziak pantaila txikira ekarriz.
Jantziteriari dagokionez ere aldaketekin datoz programa eta denboraldi berrian HIKA Basque Brand arropa etxeak jantziko du Mirari Martiarena eta Koöl Studiok jarriko dizkio osagarriak.
Bertso jarriak
Iaz bertsolari desberdinei bertso jarriak eskatu zizkieten Hitzetik Hortzeratik eta jendearen artean izandako harrera ona ikusirik, irailetik aurrera berriz ere bertso jarriekin gozatzeko aukera izango da. Manex Pagola musikariak lagunduta ariko dira bertsolariak.
Txikitik handira atalean, bertso eskoletako gaztetxoek bertsolaritzari buruzko euren hausnarketak egingo dituzte aurtengoan ere.