Hitzetik Hortzera ilustratuz

2022/10/27
Baigorrin izango da programa asteburu honetan Dom Campistron ilustratzailea elkarrizketatzen; eta ondoren, Donibane Garaziko saioan. Han izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa. Ez galdu Hitzetik Hortzera: igandean, 15:00etan, ETB1en.

Ilustratzailea, marrazkigilea eta Bekatorosak liburu grafikoaren egilea da Dom Campistron aldudarra. Bera izango da aste honetan Hitzetik Hortzerako protagonista. Euskaldun, ilustratzaile, lesbiana eta aktibista bezala identifikatzen du Domek bere burua. Haur garaietatik izan du bere ideiak helarazteko beharra, eta horretarako zenbait bide baliatu ditu; esaterako, antzerkia, eskultura, idazkera edota ilustrazioa. Azken hau baliatuz sortu du hitzez eta marrazkiz osatutako Bekatorosak liburu grafikoa.

Bekatorosak liburuan, Nafarroa Behereko zazpi lagunen bizipen eta esperientziak biltzen ditu: lesbianak queerrak eta gayak, bere burua definitzeko besteei hitza ematea garrantzi handikoa baitzaio. Amodiozko liburu gisara definitzen du bere lana: "Denak maite ditut eta maite dugu elkar".

Donibane Garaziko bertsoaldi onenak

Idoia Torregarai eta Eider Perez Komunean atalean izango dira saioaren inguruan hitz egiteko. Gainera, hainbat bertsolariri iritzia eskatuko zaie saioro zenbait gairen bueltan, txapelketak iraun bitartean.

Bezperako saioko bertsoaldi onenen aukeraketa ikusteko aukera izango da. Larunbatean jokatuko den saioan honako bertsolari hauek hartuko dute parte: Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Gai-emaile lanetan, berriz, Zihara Enbeita arituko da.

Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Dom Campistron ilustratzaile aldudarra.