Hitzetik Hortzera: Hitanoa bertsotan
Aste honetako Hitzetik Hortzeran hitanoa izango da protagonista. Hitanoaren erabilerari buruz hitz egiteko, Beñat Muguruza UPV/EHUko ikertzaile irundarra elkarrizketatuko du Mirari Martiarenak; hitanoaren erabilerari buruzko zenbait ikerketa egiten ari da Muguruza azken urteotan.
2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian hitanoak izandako erabilera aztertua du ikertzaileak. Aurretik, 1986tik ordura arte jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiak hartu zituen, eta bertan hitanoak izandako presentzia zein zen aztertu zuen, segidan 2017ko erabilerarekin alderatzeko. Urteekin apaltzen joan da erabilera, nahiz eta 2017an presentzia apur bat izan zuen hitanoak. Txapelketa Nagusiko hitanoaren erabilera aztertzeaz gain, hainbat bertsolari ere elkarrizketatu zituen, eta ikerketari ekarpen aberasgarria egin zioten: Noka eta toka hoskide… bertsolarien adiskide? izenburuko ikerketa osatu zuen Mintzolaren eta UPV/EHUren proiektu saria eskuratuz.
Dragoi Bolari buruz galdetzeko aukera ere ez du galdu Mirarik: izan ere, Beñat Muguruzak, Garbiñe Bereziartuarekin batera, ETB1n emandako Dragoi Bola marrazki bizidunetan hitanoak izandako erabilerari buruzko ikerketa ere egin baitu.
Zahartuko gara
Bertso musikatu sorta ederra izango da aste honetako Hitzetik Hortzeran. Aitor Etxebarriazarragak ondutako Zahartuko gara bertsoak entzuteko aukera izango baita. Alboan izango ditu Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra musikariak.
Iurretako eta Lazkakoko jaialdiak
Astero bezala bi jaialditako bertsoaldiak eskainiko dira Hitzetik Hortzeran: Iurretako eta Lazkaoko saioetako bertsoak, hain zuzen. Iurretan, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga aritu ziren kantuan, Maite Berriozabalen esanetara. Lazkaon, aldiz, Iker Iriarteren esanetara aritu ziren Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.
Gogoratu: Hitzetik Hortzera larunbatean izango da, 21:00etan, ETB1en; eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.