Hitzetik Hortzera: Gorrititik Amerikako Estatu Batuetara, Martin Goikoetxearekin

2024/11/07
Martin Goikoetxea bertsolaria elkarrizketatuko dute aste honetako programan. Gainera, Gorritiko eta Garesko saioak ere eskainiko dituzte, larunbatean, ETB1en.

Gorrititik Amerikako Estatu Batuetara artzain joan zen 18 urterekin Martin Goikoetxea: 1966ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzen ari zen Wyoming-era joateko deia jaso zuenean eta ezin izan zuen Iruñeko finalaurrekoan kantatu. Gorritik Wyoming-era joandakoan izandako aldaketei buruz eta artzain lanari buruz arituko dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. 

Bertara joandakoan bere bertso ibilbidea bukatu zela pentsatu zuen Goikoetxeak: 20 urtean kantatu gabe egon zen. Baina, 1991an Nevadako Gardnevillen Kantari Egunean parte hartu zuen, eta horrek eman zion indarra berriz ere bertsotan hasteko. Ordutik, bertsotan jarraitu du Amerikako Estatu Batuetako saio desberdinetan; gaur egun, hango bertsolarietako bat da eta bertso-eskolak Skype bidez egiten dituzte. Bertsolari berriak ere sortu dituzte bertso-eskola hauek.

Goikoetxearen lehen bertso plazei begira ere jarriko dira programan: lehen plaza 12 urterekin egin zuen, Kaxiano Ibargurenekin, Gorritin bertan. Haur zeneko pasadizoak eta gaztetako bertso plazak ekarriko dituzte gogora Hitzetik Hortzeran.

Gorritiko eta Garesko bertsoaldiak

Goikoetxeari omenaldia egin nahi izan zion Gorritiko herriak eta bertso afaria antolatu zuten; hain zuzen ere, Gorritiko Kontzeju Etxean egindako bertso afariko bertsoaldiak eskainiko dituzte aste honetako programan. Aitor Mendiluze, Maddalen Arzallus, Martin Goikoetxea eta Xebastian Lizaso aritu ziren bertsoan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Julio Sotok egin zituen.

Bestalde, Garesen egindako Bardoen finala ere izango da Hitzetik Hortzeran. Ekhiñe Zapiainek, Estitxu Arozenak, Kattin Madariagak eta  Maddi Ane Txoperenak osaturiko Hor gu! taldeak irabazi zuen. Kantuan aritu ziren Baztanzopak eta Mutilatuak taldeak ere. Baztanzopak taldetik Alazne UntxaloAmaia Elizagoien eta Irati Majuelo aritu ziren kantuan. Mutilatuak taldetik, berriz, Iban Garro, Julen Zelaieta eta Urko Gartzia. Gai-jartzaile lanetan Ane Fagoaga, Ane Telletxea eta Uxue Mesa aritu ziren.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.