Hitzetik Hortzera: Gaiak eta osagaiak

2023/02/23
Sukalde kontuetan murgilduko da aste honetako Hitzetik Hortzera. Izan ere, Amaia Castorene gai-jartzailearen beste lanateako bat edo pasioetako bat ezaguruko dugu: sukaldaritza. Baigorriarrarentzat sukaldean aritzea espresio bide bat da eta pasioz bizi du eltze artean egiten duena. Bertsoei dagokienez berriz, Baionako Biltxokon egindako saioa eta Iruñeko Bertsoaroko lehen jaialdiak eskainiko dizkigu Hitzetik Hortzerak larunbatean, 21:00etan ETB1en.

Bertso munduan ezaguna da Amaia Castorene baigorriarra, azken urtetan gai-jartzaile moduan ikusi baitugu oholtzan. Baina badu beste pasio, afizio eta ofizio bat Amaiak: sukaldaritza. Txorienen edo Kanalduden ikusi izan dugu sukaldari lanetan eta bere alderdi hori gehiago ezagutuko dugu aste honetako programan.

Kozinatzea espresatzeko modu bat da Amaia Castorenerentzat, sortzeko espazio bat. Bere errezeta propioak sortzen ditu eta argitaratzeko txokoa ere badu sarean, Apetitu On izeneko blogean eta Instagram sare sozialean ere. Errezeta koloretsuak, osasuntsuak eta goxoak egitea gustatzen zaio, tokiko eta sasoiko produktuak oinarri hartuta. Sukaldari bezala, besteentzat kozinatzen aritzen da Amaia Castorene, baina ikastaroak eta tailerrak ere ematen ditu eskatzen dioten aldiro.

Kasualitateak

Sukaldari bezala kasualitatez hasi zen Castorene, gai-jartzaile hasi zen modu berean. Xilaba txapelketa batean hasi zen norbait behar zutela eta ondotik pixkanaka saio desberdinetan aritu da, baita azken Txapelketa Nagusian ere. Bertso otordu batean kozinatuko lukeenari eta jarriko lituzkeen gaiei buruz galdetuko dio Eider Perezek aste honetako gonbidatuari.

Biltxoko eta Bertsoaroa

Baionako Biltxoko elkartean bertso jaialdia antolatu zuten, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena, Ramuntxo Christy eta Xumai Murua aritu ziren Ortzi Idoateren esanetara.

Otsaila hasieran abiatu zen Bertsoaroa Iruñean eta lehen jaialdiko bertsoaldiak ere entzuteko aukera izango da aste honetako programan. Ander Aranburuk gidatutako saioan Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Julio Soto, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza aritu ziren.

 Gogoratu, Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan ETB1en.

 

Sukaldaritza sormenerako espazioa da Amaia Castorenerentzat.