Hitzetik Hortzera finalaren biharamunean

2022/12/22
Bertsolari Txapelketa Nagusia amaitu berritan, Maialen Lujanbio txapeldunarekin elkartu da Eider. Hitzetik Hortzera berezia: ostegunean, 22:30ean, ETB1en.

Hernanira itzuli da txapela, lehendik ezaguna zuen burura. Izan ere, hirugarrenez irabazi du Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia (2009, 2017, 2022). Harekin egin du hitzordua Eiderrek, eta solasaldia eskainiko da gaur, osteguna, 22:30etik aurrera ETB1en, Hitzetik Hortzera saio berezian.

2017ko finala irabazita, zuzeneko pasea zuen hernaniarrak aurtengo finalean. Finalera zuzenean sartu eta txapelketaren moldetara egokitu beharrak goizeko saioan argi ilunetan aritzea eragin ziola dio; arratsaldean, aldiz, txapelketaren klimara egokitu eta sentsazio atseginagoak izan zituela adierazi du. Txapelketaren biharamunean, neke fisiko handia uzten dutela dio finalean izandako bizipenek. Neke hori, ordea, jendearen balorazio eta sentsazioekin kontrastean jartzen hasia dela aipatu du. 

Irailaren 24an Getxon hasi zen bideak Iruñea izan zuen helmuga pasa den igandean. 13.300 bertsozalez beteriko Nafarroa Arena izan genuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren anfitrioi. Han aritu ziren bertsotan Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.

Lagun gehiago Komunean
Osteguneko Hitzetik Hortzera berezian, Komunean atalak sorpresak ekarriko ditu. Eider Perezekin eta Idoia Torregarairekin batera izango dira Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko kazetaria, Edurne Azkarate aktorea edota Andoni Egaña, Estitxu Arozena eta Jon Maia bertsolariak.

Gaur, osteguna, 22:30etik aurrera, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Maialen Lujanbiorekin elkartu da Eider Hernanin.