Hitzetik Hortzera finalaren atarian

2022/12/16
Igande honetan jokatuko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñeko Nafarroa Arenan. Finalaren atarian bertsolariek duten gorputzaldia ezagutuko dugu; izan ere, larunbatean izango da aste honetako Hitzetik Hortzera: 21:00etan, ETB1en.

Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina elkartuko dira igandean Nafarroa Arenako oholtzan. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren aurretik haiekin izan da Eider, eta haiek kontatutakoa eskainiko da larunbatean Hitzetik Hortzeran: 21:00etan, ETB1en.

Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendik hirugarrenez hartuko du parte finalean; Alaiak Martinek ordea, lehendabizikoa du. Finalak lanerako gogoz, grinez eta lanean harrapatu duela dio Alaiak. Beñaten kasuan, aldiz, duela bost urteko finalarekin arantza bat bazuenez, aurten finalera heltzea oso garrantzitsua zuela dio. Txapelketara begira udaberrian hasi ziren, beraien esanetan, batere bete ez duten plangintza batekin. Hala ere, ilusiotik, hobetu nahitik eta intentziotik bete dutela diote.

Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina
Irunen bat egin zuten txapelketaren ibilbidean, ondoren Baionan, eta azkenik, Iruñeko Nafarroa Arenan izango dira bi finalistak. Sustrai Colinaren seigarren finala da, eta lehena Nerea Ibarzabalentzat. Nereak, saioetan bere buruari jarritako helburuak lortuta, pozik dagoela adierazi du. Sustraik aipatu du, bere kasuan, txapelketak bi fase izan dituela, eta txapelketan norbera hasten denean oinak lurrean jartzearen modukoa izan dela. 

Aitor Mendiluze eta Joanes Illarregi
Aitor Mendiluze seigarren aldiz ariko da finalean; lehen aldiz Joanes. Bata beteranoenetakoa da, eta bestea gazteena. Aitorrek txapelketa bi aukera dituen olatu baten moduan definitu du: “zu olatuan joan, edo olatuak zu eraman”. Joanesek bide polit eta luze bezala bizi izan du txapelketan egindako ibilbidea.

Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio 
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapela janztea zer den badakite Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok. Aurtengo txapelketak aldaketa nabarmen bat erakusten duela dio Maialenek: bertsolaritzaren ibilbidean aurrerapauso eta aldaketa bat, plazaren gaztetze eta berritzea. Bestalde, Ametsek aurten txapelketa Iruñean izateak, txapelketak esan nahi duena ondo kontestualizatzen duela dio. 

Finalista guztien hitzekin batera, txapelketa honetako zenbait bertsoaldi, larunbatean, 21:00etan, ETB1en. Hitzetik Hortzeran.

Bertsolari finalistekin elkartu da Eider finalaren aurretik.