Hitzetik Hortzera eta txapelketako txapela

2022/12/08
Iñaki Murua bertsolariak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izandakoak jantziko dio txapela 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari. Berarekin egin du hitzordua Eiderrek, eta ikusgai izango da solasaldia igandean, 15:00etan, ETB1en; Hitzetik Hortzeran.

Ate joka daukagu 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Ezagutzen ditugu jada abenduaren 18an Nafarroa Arenan abestuko duten zortzi bertsolarien izen abizenak. Finalaren zain gauden honetan, finalaurreko bertsoaldien aukeraketa ikusiko dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Bestalde, Iñaki Murua gabiriarra izango da aste honetako gonbidatua. Txapelketa Nagusiko finalean, txapeldunari berak jantziko dio txapela. Proposamena jaso zuenetik, zailena berria ezkutuan gordetzea izan dela esan du. Momentuan, eginkizun bat gehiago zela sentitu zuen arren, txapel emailea bera izateak jendearengan sortu duen pozak eta zorionak ilusioz eta irrikaz bete duela dio.

Ibilbide luzea bertsolaritzan eragiten
Iñaki Murua, 2005etik 2018ra bitarte lehendakari lanetan aritu zen Bertsozale Elkartean. Elkartearen ordezkari izatea luxua dela esan du, eta gaineratu du elkarteak zein bertsolaritzak arlo pertsonalean asko eman diotela.

Txapelketa Nagusia hutsera egindako jauzi baten moduan definitzen du: "Aldarte konkretua izan behar duzu, gaiak momentuan sortzen dizun zirrarari etekina ateratzeko". Aurtengo txapelketari dagokionez, ikaragarrizko maila egon eta dagoela azpimarratu du.

Kontatu duen gainerako guztia, igandean, 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Iñaki Murua izango da Bertsolari Txapelketa Nagusi honetako txapel emailea.