Hitzetik Hortzera eta Biba Zuek!
ETB1eko Biba Zuek! saioak 1000 programa egingo ditu martxoan eta ospakizun berezi horren aurretik saioaren zirrikituak ezagutu nahi izan ditugu Hitzetik Hortzeran. Horregatik, Miramongo egoitzan izan gara Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia aurkezleak elkarrizketatzen.
Bosgarren denboraldia dute Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak Biba Zuek! saioko aurkezle gisa. Arratsaldero bi orduz Euskal Herriko lagun desberdinak elkarrizketatzen dituzte, eta horren atzean dagoen lanaz arituko dira Mirari Martiarenarekin hizketan. Nabaria da bi aurkezleen arteko kimika pantailan eta elkarrekin bizitako momentu bereziak gogoratuko dituzte.
Biba Zuek!-en bertsolaritzak duen presentziari buruz ere arituko dira. Adibide batzuk ematearren, programa hasteko bertso bat kantatzen dute edo kolaboratzaileen artean dituzte Amaia Agirre eta Andoni Egaña bertsolariak; lehen baita Xabier Amuriza ere. Maddalen Arzallus eta Xabier Sukiak bestelakoan bertsolaritzarekin duten harremanari buruz hitz egiteko tartea ere hartuko dute.
Iruñea eta Usurbileko bertsoaldiak
Astero moduan, betsoaldiez gozatzeko aukera ere izango dugu programan. Alde batetik, Usurbilgo Aginaga auzoan bertso afariko Eliza Zaharrean kantatuko bertsoak izango ditugu; han aritu ziren kantuan Andoni Egaña, Julio Soto eta Nerea Elustondo. Alberto Pikabea aritu zen gai-jartzaile.
Beste alde batetik, Iruñeko Bertsoaroko otsailaren 20ko jaialdiko bertsoaldiak ere eskainiko ditugu. Maialen Belarra gai-jartzaileak gidatu zuen saioa eta bertsotan aritu ziren Alaia Martin, Amets Arzallus, Aroa Arrizubieta, Julio Soto, Sarai Robles eta Xabat Illarregi.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.