Hitzetik Hortzera Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean

2023/12/15
Abenduaren 16an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala zuzenean eskainiko da ETB4n; eta igandean Hitzetik Hortzera berezia izango da 15:00etan.

Aissa Intxausti, Aitor Etxeberriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia ariko dira kantuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. Abenduaren 16an izango da Bilboko Bilbao Arena kiroldegian eta han izango da Hitzetik Hortzera.

Ez hori bakarrik: finala zuzenean jarraitu ahal izango da ETBn. 16:45etik aurrera ETB4n eskainiko da, Ilaski Serranok aurkeztutako programa berezian. Ilaskik alboan izango du Ainhoa Urien aditua, bere ikuspuntua eman eta saioaren analisia egiteko.

Ondoren, 21:00etatik 22:00etara, ETB1en saioaren bukaera eskainiko da: buruz burukora iritsi diren bi bertsolarien arteko saioa.

Txapeldunarekin elkarrizketa

Finalaren biharamunean, abenduaren 17an, Hitzetik Hortzera berezia izango da 15:00etan ETB1n. Bilbao Arenako bertsoaldiak eta Mirari Martiarenak txapeldunari egindako elkarrizketa ikusteko aukera izango da.

Plazan eta txapelketetan eskarmentua duten zortzi bertsolari ikusiko ditugu oholtzan. Onintza Enbeitak bere bederatzigarren Bizkaiko finala du; Jone Uriak ere ongi ezagutzen ditu finalaren zirrikituak, zazpigarrena izango baitu aurtengoa; Xabat Galletebeitia bosgarren aldiz ariko da eta Nerea Ibarzabalek, egungo txapeldunak, bere laugarren Bizkaiko finala du; Gorka Pagonabarragak, Oihana Bartrak eta Aitor Etxeberriazarragak bigarren finala dute datorren igandekoa; eta Aissa Intxausti lehen aldiz ariko da finalean kantuan.

Begoña Iturrizak jantziko dio txapela aurtengo Bizkaiko Txapeldunari.