Hitzetik Hortzera, bibote eta sudur gorriarekin

2025/02/06
Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' izango da aste honetako elkarrizketatua; horrez gain, Tolosako eta Baigorriko bertsoaldiek osatuko dute larunbat gaueko programa.

Euskal Herriko pertsona maitatuenetako bat izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako protagonista: Joxe Mari Agirretxe Porrotx. Pirritx, Marimotots eta beste hainbat lagun ondoan dituztela Euskal Irria sortu eta lurralde osoa zeharkatu dute aldez alde. Porrotxek eta pailazogintzak Joxe Mariri eman dionaz arituko da aste honetako programan.

Maite zaitut abestiak 20 urte betetzen ditu aurten eta maiatzean herritar talde batek omenaldia eskainiko die sudurgorriei BEC-en. Maite zaitut abestiaren arrakastaren sekretua eta haurrek gizartean duten garrantzia ere izango dute hizketagai.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek urte guzti hauetan bertsolariak izan dituzte bidelagun. Abestietako letrak egiteko orduan, abesterakoan, istorioak sortzerakoan eta beste hainbat abenturetan. Hartu eman hori nolakoa den kontatuko du Joxe Mari Agirretxek, baita egunerokoan bertsolaritzarekin ze harreman duen ere.

Baigorriko bertso musikatuak eta Tolosako jaialdia ere, Hitzetik Hortzeran

Baigorriko Basaizea elkarteak Beer Cheese bertso afari musikatua antolatu zuen eta bertako bertsoaldiak ikusteko aukera izango da aste honetako programan. Bertsotan Haira Aizpurua, Miren Artetxe eta Nerea Ibarzabal aritu ziren, Patxi Amulet eta Bastin Marianne musikariek lagundurik. Gai-jartzaile lanak, berriz, Xalbat Alzugaray eta Amaia Castorenek egin zituzten.

Tolosan Atariak urtero antolatzen duen jaialdiko bertsoaldiak ere izango dira ikusgai. Amaia Agirrek gidatutako saioan kantuan aritu ziren Alaia Martin, Andoni Rekondo, Iñigo Gorostarzu Etxorde, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Sustrai Colina.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.