Hitzetik Hortzera: bertsoz bertso, hariz hari
Larunbat honetan, irailaren 14an, hasiko da Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria eta Emakumeen haria ekimena izango du oinarri programak, ekainaren 7an Amasa-Villabonako Subijana etxean egin zena. Eraikin hori, hain zuzen, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza da, baina 1860tik 1980ra oihal fabrika izan zen. Emakumeen haria ekimena, beraz, Amasa-Villabonako Udalak Bertsozale Elkartearen laguntzarekin egindako memoria historiko ariketa bat izan da, emakume oihalgileak eta bertsolariak omenduz.
Gonbidatu ugari elkarrizketatuko ditu Mirari Martiarenak lehen programan. Batetik, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Irune Alfonso berdintasun zinegotziarekin hitz egingo du, ekimenaren lehen puntada nondik datorren jakiteko. Oihal fabrikan lanean aritu zen Mariaje Martinezekin ere elkartuko da. Amaia Agirre gai-jartzailea ere elkarrizketatuko du: Emakumeen haria egunean bertso saio tematikoa egin zen, eta saioa jostearen arduraduna Agirre izan zen.
Azkenik, Izaro Lizarraga eta Arantxa Orbegozo Txitxi margolariekin ere izan da Martiarena. Izan ere, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan emakume oihalgileak eta emakume bertsolariak omentzeko horma-irudi batek lotu ditu oraina eta iragana; eta bi margolari horiek egin dute horma-irudia, Maialen Lujanbioren bertso batek lagunduta.
Bertso sorta musikatuak, Ekaitz Goikoetxeak idatziak eta Manex Pagolak musikatuak
Ekaitz Goikoetxearen bertso jarriek osatuko dute aste honetako programa. Goikoetxeak Naparrak gara gu ere sorta abestuko du Manex Pagola musikariak lagundurik.
Villabona eta Garesko bertso saioak
Amasa-Villabonan oihal fabrikari eta garaiko emakume bertsolariei eskainitako bertso saioko bertsoaldiak izango dira larunbateko programan. Bertso saio tematikoan Amaia Agirrek egin zituen gai-jartzaile lanak eta kantuan aritu ziren Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran bertsolariak.
Garesen egindako historiako lehen bertso jaialdiko bertsoak ere izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Ander Aranburuk gidatutako saioan kantuan aritu ziren Saioa Alkaiza, Julio Soto, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio.
Gogoratu, Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.