Hitzetik Hortzera, bertsotik versora
Cantoras del Cono Sur proiektuak ekarri ditu Euskal herrira Araceli Argüello payadore argentinarra, Nayla Beltrán kantari sureroa eta Caro Lopez payadore txiletarra, eta aste honetako Hitzetik Hortzeran entzungo ditugu. Hain zuzen ere, proiektu horretan emakumeen kantua aztertzen dute, eta egiten ari diren lana dela eta Europan egin dute bira, tartean Euskal Herrian: saioa egin zuten bertsolariekin Bilbon. Bertara egin duten bisita aprobetxatuz, payaren eta kantu sureroaren egoerari eta berezitasunei buruz hitz egin zuten hiru inprobisatzaileek Mirari Martiarenarekin.
Aste honetako protagonistek lehendik ere bazuten bertsolarien berri: Araceli Argüello, adibidez, 2018an izan zen Euskal Herrian, Nazioarteko Inprobisatzaileen biran, Tomasita Quialarekin batera. Caro Lopezek, aldiz, Gema Lasarte ikerlariaren bidez izan zuen bertsolarien berri, eta ondoren iritsi zen bere eskuetara Uxue Alberdik idatzitako Kontrako eztarritik liburuaren itzulpena, Reverso. Emakume payadore bezala liburu horrek izan duen garrantziaz ere arituko dira aste honetako programan.
Bertso musikatuak
Izar Mendigurenen bertso jarriak izango ditu aste honetako programak. Mendigurenek bertso bidezko psikoanalisi soziala egingo du, Manex Pagola musikariak lagundurik.
La Sinsorgako eta San Telmo Museoko saioak
Bilboko La Sinsorga gune feministan egin zen Bertsotik versora saioko bertsoaldiak entzuteko aukera izango dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran. Bertan kantuan aritu ziren Aroa Arrizubieta eta Oihana Bartra bertsolariak, Nayla Beltrán kantari sureroa, Araceli Argüello eta Caro Lopez payadoreak.
Donostiako San Telmo Museoan Elkarrizketa bat: Chillida eta Arteak erakusketaren bertso irakurketa egin zen. Ainhoa Urienek gidatu zuen saioa eta bertsotan Maialen Lujanbio eta Unai Iturriagak egin zuten.
Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan ETB1en.