Hitzetik Hortzera bertsoak epaitzen
Bertsolari familiakoa izaki, Eneko Bidegain eta bertsoa beti joan izan dira eskutik helduta. Xanti Iparragirre joaten zitzaien umea zela bertso eskolak ematera, baina sekula ez zuen pentsatu bertsolari izaterik. Ia 25 urte daramatza bertso epaile lanetan Eneko Bidegainek: Eskolarteko kanporaketa bat epaitzen hasi zen eta ordutik epaile lanak egin ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketetan, XILABAn eta baita Txapelketa Nagusietan ere. Ez da lan erraza bertsoak zenbakietara eramatea, eta lan horien gorabeherez arituko da Mirari Martiarenarekin.
Azaroaren 18an Aiherran egingo den Taldekako XILABAren finalari begira ere jarriko dira Eneko eta Mirari. Taldekako honek duen garrantziaz eta Ipar Euskal Herriko bertsolaritzari ematen dionaz ere arituko dira solasean.
Maddi Agirreren bertso sorta
Ametsez izenburuko bertso jarriak egin ditu Maddi Agirrek Hitzetik Hortzerarako. Gasteiztarrak bertsoak musikaz janzteko alboan izango ditu Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra.
Tolosako jaialdia eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa
Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa egin zen Altsasun, eta bertako bertsoaldiak eskainiko dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Iortiako Kulturgunean aritu ziren kantari Ekhiñe Zapiain, Eneko Fernandez, Patxi Castillo, Saats Karasatorre, Saioa Alkaiza eta Sarai Robles. Zigor Gartzia “Zian” aritu zen gai-jartzaile lanetan.
Tolosako Leidor zineman egin zen Inklusio Bultzada bertso saioa. Hernaniko errugby taldeak eta Harituz Bertsozale Taldeak antolaturik. Unai Elizasuren esanetara aritu ziren kantuan Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal.
Gogoratu: Hitzetik Hortzera larunbatean, 21:00etan, ETB1en eta ondoren noiznahi EITB Nahieran atarian.