Hitzetik Hortzera: bertsoa, zientzia eta umorea
Aurten ere bertsolaritzak eta ezagutza zientifikoak bat egin dute oholtza gainean Jakinduriek mundue erreko dau lelopean. Idoia Torregaraik aurkeztu du aurtengo Bertso Zientzia eta, hain zuzen ere, bera izango da aste honetako programako elkarrizketatua. Elkarren berri ongi dakite Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak, hiru bakarrizketa osatu baitituzte elkarrekin azken zazpi urtean. Plazako jardunaz eta umorearen hari mutur desberdinei buruz arituko dira larunbateko programan.
Bertsolarien bueltan modu batean edo bestean ibiltzea tokatu izan zaio Idoia Torregarairi. Gai-jartzaile aritu izan da Usurbilgo saio desberdinetan eta azken Txapelketa Nagusian Hitzetik Hortzeran ere parte hartu zuen Komunean umore esketxetan Eider Perezekin batera.
Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) komunikazio arduradun gisa lanean 25 urte daramatza Idoia Torregaraik. UEUko lana, filosofia eta gizarteratzeari buruz hitz egiteko ere aprobetxatuko dute.
Bilboko eta Markina-Xemeingo bertsoaldiak
Bilboko Bertso Zientziako bertsoaldiak dakartza aste honetako programak. Idoia Torregarai izan zen aurkezle eta gai-jartzaile lanak egin zituzten Aloña Aldasoro, Cecilia Ferndandez, eta Oier Pedrera zientzilariek. Bertsotan, berriz, Iruri Altzerreka eta Julio Soto aritu ziren.
Markina-Xemeinen abenduan 8an urtero egiten den bertso jaialdiko bertsoaldiak ere ikusteko aukera izango da larunbatean. Andoni Egaña, Josune Aramendi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Iturriagak egin zuten bertsotan; gai-jartzaile lanetan, Amaia Agirre aritu zen.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.