Hitzetik Hortzera: Bertso Eguna 2025
Bortzirietako Lesaka herriak hartu du aurtengo Bertso Eguna. Egun osoko egitarau oparoan, bertsoak eraikitako zubiak ezagutzeko aukera izan zuten bertako zein bertaratutakoek, eta zubi horiek eramango ditu ikus-entzuleen etxeetara aste honetako Hitzetik Hortzerak.
Lesakako bertsolaritzaren zubiak ederki ezagutzen ditu Estitxu Fernandezek eta berarekin elkartuko da aste honetan Mirari Martiarena.
Tantirumairu Ikastolan iritsi zen bertsoa Fernandezen bizitzara eta, ondoren, Manolo Arozenak eta Bittor Elizagoienek martxan jarritako bertso-eskolan hasi zen. Nafarroako bertsolari belaunaldi gazte taldeko kide izan zen, besteak beste, Amaia Telletxea, Estitxu Arozena, Iñigo Olaetxea eta Xabier Silveirarekin batera. Bereziak izan ziren eurentzat 1995an Estitxu Arozenak irabazitako Nafarroako txapela eta 1997an Xabier Silveirak irabazi zuen lehena ere.
25 urtera arte aritu zen bertso plazan Estitxu Fernandez eta jendaurreko bertsolaritza utzi bazuen ere, gaur egun bere bizitzan duen lekuaz hitz egiteko ere aprobetxatuko dute Fernandezek berak eta Martiarenak.
Bertso Eguneko jaialdia eta afalondorengo bertso jarriak
Lesakako Harriondoa kultur etxean egin zen Bertso Eguneko arratsaldeko jaialdia: XXI mende, 25 (H)illbetz. Alaitz Rekondo aritu zen gai-jartzaile lanetan; bertsotan, aldiz, Alaia Martin, Amets Arzallus, Julio Soto, Maddi Ane Txoperena, Maialen Lujanbio eta Peru Abarrategi aritu ziren.
Arratsaldeko jaialdiaz gain, Bertso Egunean Lesakako Linddurren Borda sagardotegian egin zen afalondorengo bertso jarrietako batzuk ere ikusteko aukera izango da programan. Lesakako bertsolaritzari loturiko bertsoak kantatu zituzten Hor gu taldekoek Manex Pagola musikariak lagundurik.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.