Hitzetik Hortzera: Ander Lipusekin
Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen Miñan liburua (Susa, 2019) oinarritzat hartu eta izen bereko antzezlana egin du Artedramak. Aste honetako Hitzetik Hortzeran liburua irakurri eta antzerkia oholtzaratu arteko prozesua azalduko du Ander Lipusek: obra zuzentzeaz gain oholtzan egoten den aktoreetako bat baita Lipus. Sorkuntza prozesuaz ez ezik, antzerkia jendartean izaten ari den harrerari buruz ere ariko da.
Antzerkigintzan egin du bere ibilbidearen zati handiena, baina Lipus bertsolaritzari loturik egon da umetatik. Markina-Xemeingo bertso-eskolan hasi zen bertsotan, eta Madrilera aktore ikasketak egitera joan zen arte aritu zen bertsotan. Garai hartako pasadizoei eta sentipenei buruz hitz egingo du Mirari Martiarenarekin.
Bertsolaritzak ate asko ireki dizkio, Madriletik itzuli zenean bertsolariekin esperimentatzen hasi baitzen eta hainbat emanaldi berezi egin zituen: Bertso tranpak edo Erregea eta bufoia izenekoak, besteak beste. Bere burua bertsolariekin batera emanaldi horietan inprobisatzeko prestatu zuen, hainbat pertsonaia desberdin gorpuztuz eta Euskal Herriko plaza desberdinetan barre algarak eraginez.
Beasain eta Zarauzko bertsoaldiak
Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak urtero antolatzen duen bertso jaialdiko bertsoaldiak izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Maitane Legarretak egin zituen gai-jartzaile lanak eta kantuan aritu ziren German Urteaga, June Aiestaran, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan egin zen bigarren finalaurrekoa ere eskainiko dute. Bertsotan aritu ziren Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Aner Peritz, Eneko Araiztegi, Eneritz Artetxe eta Unai Mendizabal. Ion Zaldua gai-jartzaileak gidatu zuen saioa.
Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan ETB1en.