Hitzetik Hortzera: Ama* Eme* Ume*

2023/03/16
Amatasunari eta amatasunei buruz ariko dira aste honetako Hitzetik Hortzera programan. Estitxu Fernandez eta Erika Lagomak lesakarrek M Ama* Eme* Ume* liburua argitaratu zuten, amatasunari eta amatasunei buruzkoa. Larunbateko programan, liburuaren haurdunaldi, erditzeaz eta erditze ondorengoez arituko dira. Lesakarrei egindako elkarrizketaz gain, Usurbilgo eta Dimako bertso saioetako bertsoaldiak izango dira Hitzetik Hortzeran.

Estitxu Fernandez eta Erika Lagomak beti esan izan dute Durangoko Jardunaldi Feministetan sortu zela M Ama* Eme* Ume* liburuaren lehen ideia. Amatasunari  eta amatasunei buruz hitz egiteko, hausnartzeko eta pentsatzeko beharretik abiatuta. Batez ere esperientziak konpartitzeko beharra sumatu zuten.

Amatasunak

Liburuan bildutako 13 testigantzei buruz arituko dira Fernandez eta Lagoma Eider Perez Hitzetik Hortzerako aurkezlearekin solasean. Gaur egungo gizartean amatasuna bizitzeko modu, presio eta tabuei buruz arituko dira. Amatasunaren etengabeko epaiketa konstanteari buruz eta sistemak ama izateko eskaintzen dituen muturreko aukerei buruz ere arituko dira.

M Ama* Eme* Ume* liburuan jasotako testigantzekin amatasuna bizitzeko modu desberdinak bildu eta ezagutarazi nahi izan dituzte. Bertsolaritzan amatasunak izan duen eta gaur egun duen lekuari buruz ere arituko dira Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez. Geroz eta gehiago kantatzen baitzaio ama izateari eta honek bere inguruan dituen gai anitzei buruz.

Usurbilgo eta Dimako bertsoaldiak

Usurbilen, Emakumeen Etxearen irekieraren harira bertso bazkaria ospatu zen martxoak 4an. Amaia Agirreren gidaritzapean aritu ziren Maialen Lujanbio, Jone Uria eta Saioa Alkaiza. Diman ospatu zen Ez da kasualitatea bertso-saio musikatuko bertsoaldiak ere izango ditugu. Onintza Enbeita, Jone Uria eta Josune Aramendi aritu ziren bertsotan Idoia Anzorandiaren esanetara. Musikari lanetan Gari Otamendi eta Isak Arruti aritu ziren.

Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan ETB1en.