Hitzetik Hortzera Alaitz Rekondorekin

2023/11/24
Lesakarrak jantziko dio txapela 2023ko Nafarroako Txapeldunari, eta bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako protagonista. Larunbatean, 21:00etan, ETB1n.

Alaitz Rekondo Ferrero lesakarrak jantziko dio txapela abenduaren 2an Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazleari, eta modu honetan, Anaitasuna Kiroldegian egingo den finalari begira jarriko da Hitzetik Hortzera.

Lesakan eta Nafarroan zer esana eman zuen bertso belaunaldiko kidea da Alaitz Rekondo. Bertsolaria izandakoa eta oraindik ere bertsoaren grina barruan duena, nahiz eta azken urtetan gai-jartzaile lanetan aritu den, bai plazaz plaza eta baita txapelketetan ere.

Bertso plazetatik pixka bat urrundu zenean hasi zen gai jartzen, hasieran intuizioz saioak prestatuz eta ondotik txapelketetan. Gero hasi zen Nafarroako eta Txapelketa Nagusietako gai-jartzaile taldeetan aurkezle; eta lan horiei buruz ere arituko dira solasean Alaitz eta Mirari.

Alaitz Rekondoren bertso ibilbidean beste lan bat ere bada azpimarratzekoa, azken 12 urtean Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan baita. Manolo Arozenaren eskutik hartu zuen lekukoa, eta urtarrilean utzi zuen kargua; baina ez da askorik urrundu, Zuzendaritza Taldeko kidea izaten jarraitzen baitu. 12 urte hauek nolakoak izan diren eta Nafarroako bertsolaritzaren osasunari buruz ere mintzatuko dira.

Lesakako eta Santurtziko finalaurrekoak

Bizkaiko eta Nafarroako txapelketen errepasoarekin jarraituko da Hitzetik Hortzeran: Lesakan eta Santurtzin egindako finalaurrekoetako bertsoaldiek osatuko dute programa.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa Lesakako frontoian jokatu zen. Alaitz Rekondoren esanetara aritu ziren kantuan Beñat Astiz, Eki Mateorena, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo eta Mikel Lasarte.

Santurtzin, berriz, Aitor Bizkarra, Bittor Altube, Jone Uria, Mikel Goiriena, Txaber Altube eta Unai Mendiburu aritu ziren bertsotan, eta Igor Menikak jarri zituen gaiak.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1n.