Hitzetik Hortzera: ‘Bertso bira’ barrutik ezagutuz
Bertso Bira kultur ekimenaren edizio berria antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk, lurralde horretako adinekoen egoitzekin lankidetzan. Lehen Adin-adin izenarekin egiten zen proiektua eta bederatzigarren edizioa beteko du aurten. Helburua bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea da. 30 saio egin dira udazkenean Gipuzkoako 24 udalerritako egoitzetan.
Hitzetik Hortzera Azpeitiko San Martin egoitzan izan da ekimena bertatik bertara ezagutzeko, eta protagonista desberdinak elkarrizketatuko dituzte.
Alde batetik, Marian Mangas Azpeitiko San Martin adinekoen egoitzako psikologoarekin elkartuko dira. Bertso birak euren etxean sortzen duen giroari buruz eta ekimenak berak dituen abantailez arituko da.
Joxe Mari Olaso San Martin egoitzako egoiliarrarekin ere elkartuko dira. Bertsozalea da eta gustura hartzen du bertsolarien urteroko bisita.
Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Julene Iturbe bertsolariekin ere hitz egingo du Mirari Martiarenak. Bi bertsolariek hainbat urtetan kantatu dute Bertso bira ekimenean elkarrekin eta orain arteko esperientziari buruz hitz egingo dute.
Elkarrizketez gain, Azpeitiko San Martin adinekoen egoitzako Bertso birako bertsoaldiak entzuteko aukera ere izango da larunbateko programan; esan bezala, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Julene Iturbe aritu ziren kantuan.
Gipuzkoako Txapelketako bertsoaldiak ere, ikusgai
Guzti horrez gain, bertso gehiago ere izango dira Hitzetik Hortzeran. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa finalaurrekoetan sartu da eta Oiartzunen jokatutako saioko bertsoaldiak eskainiko dituzte larunbat gauean. Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola, Nerea Elustondo eta Oier Etxeberriak egin zuten bertsotan Elorsoro kiroldegian eta Ane Ezenarrok egin zituen gai-jartzaile lanak.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.