Hirugarrenez hartu du Sarak Eskolartekoa

2019/06/08
Euskal Herri osoko 13 parte-hartzaile elkartu dira Sarako trinketean. Irati Alcantarilla Urdanpilleta da 2019ko Eskolartekoaren txapelduna eta Aner Peritz Manterola "Euzkitze" txapeldunordea. Aitor Sarasuaren sendiaren izenean Maddi Sarasuak jantzi dio txapela txapeldunari.

"Eskolartekoak 15-18 urte bitarteko gazteak elkartzen ditu, eta zerbait esan nahiko du denek 18 urte bete arte jarraitzen badute!" dio Bertsozale Elkartetik Eskolartekoa koordinatzeko ardura duen Esti Alberdik. Eta zeozer badu: gazteei oholtzan bertsotan egiteko espazioa eskaintzea ez ezik, hori guztia lagunarte ederrean egiten dutela erakusten baitute. Aurtengoa ez da salbuespena izan.

Hain zuzen, gaur, Euskal Herriko XXXI. Eskolartekoaren Txapelketaren bat-bateko finalean, Sarako trinketeko oholtza probatutakoak ziren batzuk; lehen aldia zuten, aldiz, beste zenbaitek. 11:00etan hasi da finala eta parte-hartzaileok igo dira oholtzara: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002); Baxenabarretik, Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002); Bizkaitik, Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2001) eta Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño, 2001); Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi Loidi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz Manterola "Euzkitze" (Zarautz, 2002); Lapurditik, Naia Etxeberri Larzabal (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Leire Casamajou (Sohüta, 2002). Julene Etxeberrik jarri dizkie gaiak: ikasturtea gaindituko ez duela uste duen ikaslearen, itzaletik mugitu gabe dagoen soroslearen eta sare sozialak kritikatu baina Instagramen kontua ireki duen erabiltzailearen ahotik aritu dira kantuan, besteak beste.

Txapela, Aitor Sarasuari keinu eginez

Saio puntuagarriak bi atal izan ditu: lehenean agurra eta bi ofizio egokitu zaizkie parte hartzaileei. Ondotik, bigarren atalean, puntuazioz pasatako sei sailkatuek jarraitu dute kantuan. Aitor Tatiegi, Aner Peritz "Euzkitze", Aroa Arrizubieta, Bittor Altube, Irati Alcantarilla eta Xabat Illarregi izan dira.

Behin bukaerako agurra eginda, Joana Itzainak eman du epaimahaiaren erabakiaren berri. 2019ko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapelduna Irati Alcantarilla da eta Aner Periz "Euzkitze" txapeldunordea. Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Joakin Arregi Goenaga, Julen Zelaieta Iriarte eta Mirari Azula Aurrekoetxea aritu dira epaimahaian, eta idazkari lanetan Nerea Goñi Begiristain.

Irabazleari Maddi Sarasua Laskaraik jantzi dio txapela, Aitor Sarasuari bertsolaritzari egindako ekarpen handiari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean. Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari izandakoa, elkarteko eragiletzan eta bertsu irakasle aritutakoa, belaunaldiz belaunaldiko transmisioan lan eskerga egindakoa izan da Aitor Sarasua.

Saioa amaituta, Lur Berri aretoan elkarrekin bazkaltzeko aukera izango da, Iparra-Hegoako kideen eskutik.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu Eskolartekoaren bat-bateko txapelketa, eta zenbait erakunderen eta tokian tokiko hainbat eragileren laguntza ere izaten dugu. Egitasmoa lurraldez lurralde gauzatzen da: guztira, 98 parte-hartzaile izan ditu, eta 13 saio finalaren aurretik.

Saguzarrak hegalak astintzeari utzi dio oraingoz. Adina tarteko, gaur oholtzan ziren batzuk ezin izango dute Eskolartekoan parte hartzen jarraitu baina...aurten parte hartutako askok errepikatu baietz?

Maddi Sarasuak jantzi dio txapela Irati Alcantarillari. / XDZ