Hilabete amaieran ospatuko da Bertso Eskolen Eguna Seguran

2017/09/14
Irailaren 30ean izango da eta egun osorako jaia antolatu du aurten ere Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak. Bazkarirako txartelak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, irailaren 24ra arte.

Portugaleteri lekukoa hartuz, aurten Seguran gauzatuko da Bertso Eskolen Eguna. Bertsolaritzaren topagune izango da Segura, gainera, irailaren 30ean: Bertso Eskolen Egunarekin batera, han jokatuko delako Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako bat.

Urtero legez, egun osoko egitaraua prestatu du Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak. Elorripe herriko tabernan emango zaio hasiera festari, 12:30ean. 14:00etan bazkaria eskainiko da plazan, Iparra Hegoaren eskutik eta bazkalostean, Bertsotruk bertso eskolen arteko desafioen hirugarren edizioa aurkeztuko da parte-hartzaileekin. 2015ean antolatu zuen lehen aldiz ekimena Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak eta geroztik hainbat bertso eskolak hartu izan dute parte: guztira, urtero 30 bat saio egin izan dira bertso eskolen artean, beren arteko harremana sendotuz.

Jarraian, Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdeneko saioari egingo zaio bide, eta hura amaitzean, Bertso Eskolen Egunak jarraipena izango du: 20:00etan, afari mokadua eskainiko du Elorripe herriko tabernak eta Julene Otaegi eta Jone Uria trikitilariek girotuko dute otordua. 23:00tan, eMePebo5t taldearen kontzertuak amaituko du eguna.

Bazkarirako txartelak, eskuragai

Irailaren 24ra arte lortu ahal izango dira Bertso Eskolen Egunaren baitan egingo den bazkarirako txartelak. 15 euroren truke erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus atarian bertan.

Bazkarirako txartelak, irailaren 24ra arte eskuragai.