Hide Dohino japoniar euskalduna, Hitzetik Hortzeran
Gipuzkoako historia ikertzera etorri zen duela bi urte Hide Dohino historialari japoniarra Euskal Herrira. Gipuzkoako 1766ko matxinadak ikertzen aritu da eta, besteak beste, bizitoki izan du Oñati. Bertan ikasi zuen euskaraz, oñatiarrekin: euskaldunak biltzen diren lekuetara joaten hasi zen eta horrela ikasi zuen.
Urtero erronka desberdinak jarri dizkio Hide Dohinok bere buruari: euskara ikastea, Oñatiko euskalkia eta hitanoa ikastea, adibidez. Prozesu eta bizipen horiek nolakoak izan ziren kontatuko dizkio Mirari Martiarenari.
Bertso saioetan ere ezaguna egin da Hide. Izan ere, euskara ikastearekin batera bertsozaletu egin da eta bertsotan ere ikasi du. Gertutik jarraitu ditu txapelketa eta sariketa desberdinak, eta ez du hutsik egin gertu izan dituen bertso saioetara ere. Dioenez, denborarekin bertsolaritzari buruzko japonierazko liburu bat idaztea ere gustatuko litzaioke.
Amurrioko eta Ondarroako jaialdiak ere, ikusgai
20 urte bete ditu aurten Amurrioko finalisten saioak. Bertan, urtero, Txapelketa Nagusiko zortzi finalistek kantatzen dute. Aurtengoan, Unai Elizasu gai-jartzailearen esanetara aritu ziren bertsotan Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.
Ondarroako errege eguneko urteroko jaialdiko bertsoaldiak ere izango dira larunbat honetako Hitzetik Hortzeran. Iñaki Lersundik jarri zituen gaiak eta bertsotan aritu ziren Aitor Sarriegi, Josune Aramendi, Miren Amuriza eta Xabat Galletebeitia.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.