Hezitzaileen izen-ematea, martxan

2019/02/11
Bertso Udalekuetan begirale, zuzendari eta sukaldari aritu nahi izanez gero, edota praktikak egin, gaurtik martxoaren 4ra bitarte duzu izena emateko aukera.

Atari honetan bertan egokitutako izen-emate orrian edo 943694129 telefono zenbakira deituta eman ahal izango dute izena aurtengo Bertso Udalekuetan hezitzaile lanetan aritu nahi dutenek. Gaur abiatu da izen-emate epea eta martxoaren 4an amaituko da.

Duzunaritze, Uitzi, Muxika, Orio eta Zuhatza izango dituzte helmuga 2019ko Bertso Udalekuek. Begiraleak, sukaldariak eta zuzendariak behar ditugu Bertso Udalekuetarako; begirale gisa praktikak egiteko aukera ere izango da. Behin izena emanda, apirilaren 5ean emango zaie erantzuna izena eman dutenei; hautaketan, lehentasuna izango dute bertso eskolako kideek. Gogoan izan hezitzaileek nahitaez parte hartu beharko dutela maiatzaren 4an Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, egingo den prestaketa saioan.

Bost txanda daude aukeran eta haietan 9 urtetik 18 urtera bitarteko Euskal Herri osoko gazteekin ariko dira hezitzaileak. Uztailean egingo dira horietako lau egonaldi, eta bosgarrena, abuztuan.

Martxoan hasiko dira izen-emateak parte hartzaileentzat

Bertso Udalekuetan parte hartu nahi duten haur eta gazteentzako datorren hilean, martxoaren 11n, hasiko da izen-ematea. Lehen izen-emate horretan bertso eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten interesdunek eman ahal izango dute izena. Gainerakoentzako martxoaren 25ean irekiko da izena emateko aukera.

2019ko Bertso Udalekuen triptikoa deskargatu hemen.

Hezitzaileen izen-ematea, martxoaren 4ra arte. / XDZ