Herrietako ohiturei kantari, Hitzetik Hortzeran
Zenbait ohitura eta usadiok lortu dute, urtez urte, gure egutegietan finkaturik jarraitzea. Gauza berezia da hori, dena hain azkar aldatzen den garaiotan. Inauteriak, Libertimendua, santa eskea... bertsolaritzak denetan du presentzia.
Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herrian biziberritzen ari diren Libertimendua zer den ezagutuko dugu; bertakoek azalduko dizkigute ohitura honen nondik norakoak. Jarraian Iturenera joango gara, bertako inauterietan murgiltzera. Herrian usadio honen ospakizunak izan dituen aldaketei buruz hitz egingo digute iturendarrek, Kontuen Egunean egiten den bertso-bazkarian. Otsaileko ohituren errepaso honetan azken geldiunea Usurbilen egingo dugu: Euskal Herriko beste auzo eta herri askotan bezala, santa eskean ateratzen dira kopla kantari.
Iturengo inauterietako Kontuen Eguneko bertso bazkarian Agin Laburu eta Maialen Lujanbio entzungo ditugu bertsotan; Makeako Libertimenduan, Amets Arzallus eta Elixabet Etxandi; eta, azkenik, Usurbilgo santa eskeko kantu jiran Aitor Agirre, Beñat Iguaran eta Oier Iurramendi bertsolarien koplak entzungo ditugu.
Ohituren zergatian sakontzen, Aitzpea Leizaolarekin
Ohituretara ere ohitu egin ohi gara baina ez dira gauza arrunta. Aitzpea Leizaola UPV/EHUko antropologoa da eta usadio eta ohiturei buruz hitz egiteko berarekin elkartuko gara Donostian. Antropologo baten betaurrekoak jantzi eta ohitura hauek nola definitzen diren ulertzen ahaleginduko gara. Bertsolaritza ohitura hauen parte da, eta, besteak beste, ahozkotasunak euskal ohitura hauetan zein paper jokatzen duen galdetuko diogu.
Hori dena igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EITB Nahieranen.