Herrialdeetako Eskolartekoaren jaiak, Bertsoan

2016/05/23
Arabako, Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako eta Bizkaiko finalak jokatu dira pasa berri den asteburuan, Bertso Eskolen Egunera loturik.

Aramaion, Hazparnen eta Getxon izan dira herrialdeetako azken Eskolarteko jaiak, Euskal Herrikoa egin aurretik. Nafarroakoa eta Gipuzkoakoa pasa den hilabetean egin ziren eta, hala, jada baditugu Euskal Herrikoan ariko diren parte-hartzaileen izenak. Euskal Herriko finaleko xehetasunak azaltzeaz gain, azken saio hauetan botatako bertsoaldiak ere bildu ditu Bertsoak eta entzungai jarriko dira asteartean eta asteazkenean.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko fasea ere burutu da; Getxon gauzatu zen azken saioa eta haren ondotik, badakigu zeintzuk sailkatu diren udazkenerako. Azken saioko bertsoaldiak entzungai izango dira asteazkenean. Bestalde, Plazatik Gaztetxera ekimenari ere jarraipena egin dio sareko plazak eta larunbatean Mutrikun izandako finalekoak bildu ditu. Ostiralean Barañainen egingo den Kopla Txapelketaren berri ere eskainiko du.

Bertsoaldiei dagokionez, Eskolarteko, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako eta Plazatik Gaztetxerakoak entzuteaz gain, Bilbo izandako saiokoak izango dira entzungai, eta, ostiralean, duela zenbait urte botatakoak ere berreskuratuko dira Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz.

Herrialdeetan Eskolartekoak egindako bidea, Bertsoan.