Hazparneko Bertso Eguna hurrengo urtera atzeratuko dugu
Maiatzaren 22an izan behar zuen Bertso Egunak Hazparnen, baina azkenean ez da data horretan egingo. Egun Ipar Euskal Herrian dagoen egoerak ez du emanaldia egitea ahalbidetzen; honenbestez, Hazparneko Bertso Eguna datorren urtera arte atzeratzea erabaki du Bertsozale Elkarteak, data zehatzik gabe.
Ez da emanaldia dataz mugitzen dugun lehen aldia. Berez urteko lehen Bertso Eguna izan behar zuen Hazparnekoak, eta orduan, arrazoi berberengatik ezin eginda, maiatzera atzeratu genuen saioa, udaberrian egoera hobea izan zitekeelakoan. Ez da, ordea, horrela izan eta, esan bezala, azkenean, datorren urtera atzeratzea hobetsi da.
Saiorako sarrera erosita dutenei dirua itzuliko zaie.
Plaza Biziberritzen jarraitzen dugu
Hazparnekoaz gain, Iruñean eta Getarian ere antolatu ditugu Bertso Egunak 2021ean; horiek egin ahal izan genituen otsailean eta martxoan. Pandemiak kulturan eta bertsolaritzan utzi duen arrastoa leuntzeko eta plaza indartzeko apustuaren baitan kokatzen da hiru emanaldiok prestatzeko ahalegina.
Helburu berarekin sortu ditugu beste hainbat ere: Eskolarteko finalean parte hartu ezinik geratu ziren gazteentzako Eskolatik Plazara; proposamen berritzaileak plazaratzeko Bidaiak bertso saioak; edota maiatzaren 6an lehen saioa izango duen Gerturatu Eta Lau ekimen parte-hartzailea jarri ditugu azken hilabeteotan martxan.