Hastear den Xilabako parte-hartzaileak, BertsoZalean
Udaberrian aurreratu genuen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egiten den Xilaba txapelketa taldekakoa izango zela aurten. Azken edizioaren ondotik, txapelketaren egitura egokitzeko beharra sentitu zen, eta jarraian etorritako Bizkaiko Taldekakoak eta Gipuzkoako Herriartekoak zein jada sustraituta dauden Arabako Bertso Kuadrilla Artekoak eta Nafarroako Bardoekgeratzen ziren beste hiru lurraldeetan taldekako egitasmoa egitera animatu gaituzte.
Bertsu-eskoletan dabiltzanei jendaurrean kantatzeko erraztasunak ematea da asmoa, eta badirudi formula berriak parte-hartzaile ugari erakarri dituela; izan ere, 44 bertsolarik hartuko dute parte 2018ko Xilaban, 11 taldetan. Horietako bi dira Andoni Zelaia eta Elixabet Etxandi bertsulariak. Biak ere bat datoz: taldekako formularekin asmatu delakoan daude. "Ikusiz Xilaba "ofizialean" soilik 15 bat bertsolari bildu zirela eta taldekakoan aisez gehiago, uste dut aski adierazgarria dela: iparraldeko bertsogintzak ere behar zuen leku informal hori txapelketaren girotik urruntzeko eta jendea berriz bereganatzeko", azaldu du Elixabet Etxandi Izpurako bertsulariak eta gehitu: "gogoa dugu taldekakoaren abenturan barna sartzeko eta ikusteko zertaz gai garen bakoitzak bere buruarentzat kantatzen ez duenean". Azken urteotan Eskolarteko txapelketan jendaurrean kantuan ikusi dugun arren, oraindik ere ez zuen bakarkako Xilabara pausoa emateko asmorik: "Segurtasun gehiago ematen dizu taldekoak, lagunak baitira edo jende hurbilak. Nahiz eta bakarkakora parte hartzeko prestatu gaituzten bertso-eskolan, eta denak hortara goazen, nekez ikusten nuen nire burua hain txapelketa formalean, hain izen handien artean", aitortu du.
Andoni Zelaia ere taldearen babesean animatu da parte hartzera: "Zalantzak izan ditut baina taldekakoak badu bere xarma. Nahiz eta bertsoa norberak sortu behar duen, talde bezala pentsatzen duzu eta bakoitzarentzat zein den lan egokiena. Aukera horrek bultzata eta elkarri zirikatzen hasi ginelako animatu nintzen", azaldu du. Irunabar Irungo bertso bilguneak bideratuta Kabigorrin hileroko lehen ostegunetan egiten den bertso saioetan aritu izan da. "Han bertso-eskolakook izaten dugu aukera kantatzeko kanpotik datozen bertsolariekin eta bai tranpolin egokia da" baieztatu du, eta zentzu horretan Xilaba berriak ere "bertsogintza beste filosofia batekin bideragarria" dela erakutsiko duelakoan dago.
"Agurra bera sortzeak ere taldea batzen du"
Kosta ala kosta taldean hartuko du parte Zelaiak eta Otsoaren 7 umeak izenekoan Etxandik. Bi taldeak ere ari dira biltzen hurrengo saioetara begira: "Hendaia, Biriatu eta Urruñako hiru talde aterako gara. Aitzakia polita da eta txintxo-txintxo prestatzen saiatzen gara", azaldu du Zelaiak. "Bildu gara lehen agur puntuagarriarena egiteko. Agur horren sortzeak ahalbidetzen du momentu on baten pasatzea eta sortzea ingurukoekin besteen aurrean aurkeztuko zaituen hori: nire ustez, hori sortzeak berak talde bat batzen du", erantsi du Etxandik.
Txapelketa polita izango dela eta ikus-entzuleak agertzera gonbidatzen dituzte: "Askok txapelketaren alde formalegia usu begi txarrez ikusi dutenez, gomitatzen ditut taldekakora hurbiltzea, ikus dezaten beren begiz bertsoa ez dela bakarrik puntuazioa, estresa eta txapelketa baina momentu on baten pasatzeko aukera ere izan daitekela!",egin die deialdia ikus-entzuleei Etxandik.
Gonbidapena eginda dago, eta abenduaren 1era bitarteko egutegia ere bai: ikus www.bertsozale.eus atarian.
Urriko BertsoZalea berripapera, sarean
Hilabete honetako BertsoZalea berripapera irakurtzeko moduan duzue sarean: Nazioarteko Inprobisatzaileen Birak, Hitzetik Hortzeraren denboraldi berriak eta bertsoikasgela.eus ikastetxe, irakasle eta ikasleentzako atariak osatzen dute alea. Irakur ezazu hemen!