Hastear da Bertso Korrika!

2017/03/03
Lehen bertso saioak datorren astean gauzatuko dira; bestalde, Korrikaren atariko ekitaldien tartean den "Erradikalak Gara" bihar eskainiko da Etxarri-Aranatzen.

Iruñean, Durangon, Getxon eta Zallan izango dira Bertso Korrikaren lehen saioak, datorren astean. 

Martxoaren 7an, asteartean, izango da lehena Iruñean. 19:30etik aurrera, Katakraken ariko dira kantuan Oskar Sanz de Acedo eta Julio Soto, Ainhoa Aranburu gai jartzen dela. Ordu berean, baina ostegunean, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango dira Eneko Abasolo "Abarkas", Oihana Bartra, Igor Galartza eta Nerea Ibarzabal. Maite Berriozabal izango da saioko gidari.

Asteburuaren atarian, Getxon bertso-poteoa egingo dute 20:30ean abiatuta: Erromoko Gure Etxea tabernatik hasiko dira kantuan Jone Uria eta Imanol Uria. Hurrengo egunean, eta Korrika Kulturalaz gainera Zallako bertso-eskolaren 15.urteurrena dela baliatuz, bertso-poteoa eta bazkaria prestatu dute hango bertso-eskolaren eta euskaltegiaren artean.

Erradikalak gara emanaldia, bihar Etxarri-Aranatzen

Lankuren eskutik, eta Beatriz Egizabal eta Ane Labaka protagonista direla, Erradikalak gara ikuskizuna izango da Korrika Kulturalaren baitan ere. Bihar Etxarri-Aranatzen izango da emanaldia, martxoaren 9an Gasteizen eta 11n, Andoainen. Gehiago ere izango dira datozen asteetan.

Hasi besterik ez da egin...askoz ere hitzordu gehiago hurrengo egunetan!