Hastear da Ahots Baten sormen egonaldia

2015/12/23
Antzerkigintza, kantagintza, literatura zein bertsogintza landuko dituzte egonaldian bilduko diren gazteek.

Larunbatean bilduko dira Zestoako Sastarrain baserri eskolan Ahots Baten egonaldiaz gozatzeko aukera duten gazteak. Asteazkenera bitarte izango dira han 15-20 urte bitarteko lagunak.

Egun bakoitzean adierazpide bat landuko du taldeak, eta alor horretako sortzaile bat etorriko zaie bisitan aterpetxera, arratsaldeko ekintzak egitera eta gaubelan parte hartzera. Ipuingintzaren egunean Beatriz Egizabal izango dute lagun, antzerkia lantzera Eñaut Gantxegi etorriko da, kantagintzaren egunean Mikel Markez, eta bertsolaritza lantzeko Andoni Egaña eta Uxue Alberdi, Xabier Lizaso pianojolearekin.

Ahozkotasunaren diziplina ezberdinak lantzen dituzte urtean zehar egonaldian parte hartuko duten gazteek eta, urtea biribiltzeko, ahozkotasunarekiko interesa duten beste gazteekin harremanak egin eta beste adierazpideak ezagutzeko parada izango dute. Egonaldian parte hartzeko aukera luzatu zaie antzerki eskoletako, bertso-eskoletako, kantu eskoletako gazteei, baita Urruzuno Literatur Sariketako irabazleei eta Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalistei ere.

Mintzolak antolatutako ekimena da eta elkarlanean aritu dira Ikastolen ElkarteaEuskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskal Kantuzaleen Elkartea eta Bertsozale Elkartea.

30 gaztek hartuko dute parte egonaldian / Iturria: XDZ