Hasi dira Irañetako Bertso Udalekuak

2017/07/12
13 eta 14 urte bitarteko gazteak Aralar eta Andia mendizerren magalean izango dira uztailaren 20ra arte.

Atzo iritsi ziren Irañetako Juantzirena aterpetxera Bertso Udalekuetan ibiliko diren 35 gazteak eta 9 hezitzaileak. Uztailaren 11n hasi eta 20ra bitarte izango dira han, bertsolaritza aisialdiko bestelako ekintzekin uztartuz.

Hamar eguneko egonaldiari hasiera emateko elkar ezagutzeko jolasak egingo dituzte eta gerora eskulan tailerrak, txangoak eta kultur sorkuntza lantzeko saioak ere antolatu dira: horietan, literatura, dantza eta antzerkia izango dituzte langai eta, noski, udalekuok oinarrian duten bertsolaritza ere ez da faltako. Datorren asteartean, udalekuak behar bezala biribiltzeko, bertso afaria izango dute eta Maddalen Arzallus eta Xabi Igoa bertsolariak izango dituzte lagun.

Irañetakoa aurtengo Bertso Udalekuetako bigarren txanda da. Orion izan zen lehena eta uztaila amaitzerako egingo dira Bidarraikoa eta Muxikakoa; jada abuztuan gauzatuko da Zuhatzakoa.

Ederki pasatzeko gogoz daude Irañetako hezitzaileak!