Hasi dira herrialdeetako eskolartekoak
Udaberriaren atarian iristen dira lehenengo eskolarteko saioak eta urtaro osoan izango da gazteak bertsotan entzuteko aukera. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarrekin antolatzen duten ekimen honek gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematen die, eta, horrez gain, harremanak egiteko, hurbilekoak bertsozaletzeko eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen hasteko izaten da eskolartekoa.
Aurtengoan ere Gipuzkoa izan da eskolartekoa abiatu duen lehenengo herrialdea: dagoeneko jokatu dira kanporaketak Errezilen, Aretxabaletan, Amasan eta Aizarnazabalen. Finala Azpeitian izango da, apirilaren 4an, Elikagunean.
Nafarroan ostiralean izango dira kanporaketak, martxoaren 28an; Doneztebeko Herrigunean bata, eta Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean, bestea. Finala apirilaren 11n izango da Pikuxarren, Irurtzunen.
Hurrengo astelehenean hasiko dira bizkaitarrak eskolartekoarekin. Martxoaren 31n, apirilaren 2an, 7an eta 9an jokatuko dira kanporaketak, Galdakaon, Gordexolan, Igorren eta Durangon, hurrenez hurren. Aurten, berrikuntza gisa, idatzizko finala bi egunetan banatuko dute: maiatzaren 30ean izango da Lehen Hezkuntzako 6. mailakoen finala eta maiatzaren 31n nagusiagoena. Bat-bateko finala ere martxoaren 31n izango da. Biak izango dira Iurretan.
Maiatzera arte itxaron beharko dute arabarrek. Kanporaketak maiatzaren 8an, 9an eta 16an izango dira, Aramaion, Gasteizen eta Kanpezun. Finala maiatzaren 24an izango da, Aramaioko kultur etxean, 19:00etan. Txikien saioa ere egun berean izango da.
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako gazteek maiatzaren 24an izango dute sailkatze saioa, Baigorrin. Finala, berriz, ekainaren 7an izango da Itsasun.
Herrialde bakoitzetik sailkatutako gazteek Euskal Herriko finala jokatuko dute: ekainaren 14an izango da Arantzan (Nafarroa), 16:30ean hasita.
Finalak |
Eguna eta lekua |
Araba | Maiatzak 24, Aramaio |
Bizkaia | Maiatzak 31, Iurreta |
Gipuzkoa | Apirilak 4, Azpeitia |
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa | Ekainak 7, Itsasu |
Nafarroa | Apirilak 11, Irurtzun |
Euskal Herria | Ekainak 14, Arantza |