Hasi da ‘Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?’ ikastaroa Donostian

2024/07/04
UPV/EHU udako ikastaroen baitan antolatutako ikastaroa gaur hasi da eta bihar jarraituko du Miramar jauregian; hitzaldiak eta mahai-ingurua izan dira gaurko egunean.

Bat-batekotasuna, sorkuntza, zilegitasuna, diskurtsoa… bertsogintzaren hainbat ertz astindu dituzte gaur goizean Donostiako Miramar jauregian elkartu diren hizlariek. Ikasle eta irakasleak baturik 50 laguneko taldea elkartu da gaur Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak sustatutako Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? ikastaroan, UPV/EHUko udako ikastaroen baitan.

Karlos Aizpurua Etxartek egin du ikastaroaren aurkezpena, Bertsozale Elkarteko ikerkuntza eragileak, eta ikastaroaren nondik norakoen berri eman du. Haren ondotik iritsi da lehenengo hizlaria, Saioa Alkaiza Guallar. Bere hitzartzean, bertsolariek gaien inguruan kantatzeko duten zilegitasunaz edota egokitasunaz aritu da, eta markoak sortzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, zenbait gaik gizarte sektore hegemoniko batzuetan sortzen duten polemikak, hain zuzen ere marko propioen faltarekin du zerikusia Alkaizaren hitzetan: "Esaten dute ezin dela deus esan lehenago dena esan dutenek; zentroa definitzeko boterea eta markoa izan duten pertsonak dira". Horrela, bada, markoak sortu eta kantatzen zaionari baino gehiago kantatzeko erari edo arrazoiari eman dio garrantzia.

Maider Arregi Markuletaren hitzaldiarekin jarraitu du goizak, eta Alkaizaren bidetik, gai bati buruz kantatzeko zilegitasunaz aritu da Arregi. Hain zuzen, bertsolaritzako oholtzetan ez dauden kolektiboei buruzko eta haiei buruz kantatzen denaren inguruko hausnarketa plazaratu du. “Zergatik ez daude? Oholtzan gaudenok kanta dezakegu beraien bizipenei eta aldarrikapenei buruz?”, galdetu du Arregik. Erantzuna baiezkoa balitz, zein modutan eta zertarako egin eta aurrerantzean zer egin beharko litzatekeen ere mahaigaineratu du.

Botere harremanen gaiari heldu dio ostean Onintza Enbeita Maguregik. Bertsolariak plazaz plaza egiten duen bidean etengabe hainbat osagaik elkar eragiten dutela adierazi du: bertsolariak, bertsokideek, publikoak... Gorputzaz eta egoteko moduaz ere aritu da, eta bakoitza abiatzen den lekuak bidean zenbateko eragina duen esan du. Guzti horrek sorkuntzan duen garrantzia azpimarratu du: "nork zer kantatzen duen epaia oso desberdina izango da".

Atsedenaren ostean Oihana Arana Cardenalek hartu du hitza. Hitzaldiaren izenburuak berak, Bertsolaritza ideologikoki lerraturik dago?, galderak sortu zizkiola adierazi du. "Gure artean ideologia edo diskurtso hitzak erabiltzean, badakigu zeri buruz ari garen? era nahasgarrian edo difuso ulertzen ditugu", hasi du bere hitzartzea. Ideologiari buruz aritzean, gai-jartzaileei buruz ere hitz egin behar dela esan du. Txapelketetan "ahalik eta diskretuen" egoteko eskatzen zaie, leku askotan "agertu ere ez dira egiten", eta hain justu txapelketetako talde feminizatuena dela esan du: "emakume gehiago daude gizonak baino, eta ia ez dira ikusten".

UIK mahai-ingurua

Mahai-inguruarekin biribildu da eguna. Lau hizlariek hartu dute parte eta Karlos Aizpurua izan dute gidari. Hasteko, 2017ko txapelketako publikoaren artean egindako ikerketan ateratako datua ekarri du Aizpuruak, eta horrek atea zabaldu du umoreari buruz hitz egiteko. Gaur egungo bertsolaritza “baztertzailea” dela dioenik badagoela aipatu du gero, eta horri eta erantzunez jarraitu dute mahaikideek. Marko ideologikoaz eta hori hausteaz ere aritu dira. Bakoitzari galdera bat eginez segitu du gidariak: Enbeitari zeintzuk dira zuretzako diskurtso hegemonikoak galdetu dio, diskurtso minorizatuei buruz Alkaizari, erresiztentziakoak Aranari eta oposiziokoak Arregiri. Ahalduntze bertso eskola ere izan dute hizpide. Publikoaren galderekin ere osatu da mahai-ingurua.

Bihar, bigarren eguna

Gaur hasitakoak bihar izango du segida leku berean. Biharko hizlariak Jexux Mari Irazu Muñoa, Alaia Martin Etxebeste, Imanol Artola Arretxe, Aitor Bizkarra Ruiz, Oihana Iguaran Barandiaran, Oihane Perea Perez de Mendiola eta Beñat Gaztelumendi Arandia izango dira.