Harituzek lortu du Pello Mari Otaño beka

2020/07/02
Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa bildu eta ikertuko du, eta haren aplikazioa proposatuko du, Aiztondoko ikastetxeetan landu dadin.

Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa izeneko lanak lortu du Pello Mari Otaño beka. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak sinatu du proposamena; zehazki, Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi kideek.

Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirto tradizioa arakatu, bildu eta harekin proposamen didaktiko bat eginda ikasgelatan eta bertso-eskolatan hedatuko dute ondare hori egileek. Hala, ikerlan proposamenak bete-betean egiten du bat bekaren helburuarekin, bailara honetako ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa baititu aintzat.

3.000 euroko ordainsaria eskuratu du ikertzaile taldeak lana urtebeteko epean garatzeko. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroek egin genuen deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin.

Informazio gehiago, www.mintzola.eus eta www.kilometroak.eus atarietan.

Ikasgelan eta bertso-eskolan garatuko da ikerketa lanaren parte bat. / XDZ - Jakub Szafranski